Web mapa
Hizkuntzak

Donostia Kulturak eta Fundación Japónek, Euskadi Japonia 2023 jarduera-programaren barruan eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astearen esparruan, Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak – Aguilar-Haraguchi Bilduma erakusketa aurkezten dute; bihar, irailaren 14an irekiko da Okendo Kultur Etxean eta azaroaren 4ra arte egongo da zabalik. Zinemako kartelen eta programen balio handiko bilduma batek ibilbide bat egiten du Japoniako fantasiazko generoaren historia jorian barrenan.

The Vampire Doll / Chi wo suu ningyo
The Vampire Doll / Chi wo suu ningyo (1970)

Izua, zientzia fikzioa eta fantasia. Kaijuak, yokaiak, espektroak, banpiroak eta estralurtarrak. Japoniako animaziozko zinemak eztanda egin aurretik, munduan zehar abiadura handian hedatzen hasi eta egungo egoerara iritsi arte, eta gaur egun J-Horror izenez ezagutzen denaren agerraldi nabarmenaren aurretik, Japonian fantasiazko generoko film ugari ekoiztu ziren irudi errealean. Kabukitik sortutako mendeku espektralen istorioak, yokai izenez ezagutzen diren tokiko trasgoekin izandako gorabeherak, egun munduko izar bilakatutako Godzilla horrek irudikatutako munstro erraldoiak, edo mendebaldeko zinemako modak egokitzen zituzten filmak, besteak beste estralurtarren inbasioak edo banpiroak.

Zinema horrek guztiak irudimen handiko kartelak sortu zituen, gaur egun oso preziatuak. Aguilar-Haraguchi Bilduma munduko handienetako bat da, Daniel Aguilar idazle eta zinema japoniarrean adituak eta Tomoo Haraguchi zinemagile eta makillaje efektu berezien teknikariak bildua, eta posterrak, prentsa gidak, argazkiak, pressbookak eta orain nekez aurki daitekeen publizitateko material oro biltzen ditu. Horiek guztiak eta Haraguchik fantasiazko izakien sorkuntzan egindako lanaren laginak Okendo Kultur Etxean ikusi ahal izango ditugu.

Erakusketaren barruan, urriaren 16an, 19:30ean Okendon, Kaidan. Strange Stories of Japanese Ghosts (2023) dokumentala proiektatuko da, Yves Montmayeurrena, hurbilketa bat egiten duena zinema japoniar garaikideko fantasmen eta espirituen mundura.

Kultur Etxeak aparteko irekiera bat egingo du urriaren 29an, igandean, eta azaroaren 1ean, Astearen programarekin bat etorriz, ordutegi honetan: goizez 11:00-14:00 eta arratsaldez 17:00-20:00.

 

Ordutegia

  • astelehenetik ostiralera: 10:00 - 14:00 / 16:00 - 20:30
  • larunbatak: 10:00 - 14:00 / 16:30 – 20:00
  • urriak 29 eta azaroak 1: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00