Hizkuntzak
Esther Ferrer, Nabarmendutako obra berria San Telmo Museoan
Poema de números primos #40 obra 2026ko ekainaren 5etik azaroaren 1era egongo da ikusgai arte historikoaren aretoan. Esther Ferrer artista donostiarrak 2025ean mihise gainean hariz eta errotulagailuz egindako lan hau museoak eskuratu duen azken obretako bat da.
1970eko hamarkadaren amaieran hasitako serierik esanguratsuenetako baten parte da obra hau, zenbaki lehenena. Horrela azaltzen du Michel Mejuto arte historialariak: “Poema de números primos #40 (Zenbaki lehenen poema #40) lana Esther Ferrerren serierik adierazgarrienetako baten parte da, 70eko hamarkadaren amaieran hasi eta ordutik formatu eta euskarri ugaritan garatua. Ferrerrek zenbaki lehenekiko zuen interesa berak izandako amets baten ondoren sortu zen, non zenbaki-itsaso amaigabe batean zegoen artista. Orduz geroztik, artistak sekuentzia matematiko hori erabili du betierekoaren eta barne hartu ezin daitekeenaren metafora gisa. Zenbakiak espiraletan edo beste disposizio geometriko batzuetan banatzen dira askotan, zenbaki konposatuen gabezia markatzen duten hariekin edo kolore-lerroekin osatuta, erritmoa eta aldakuntza sortuz.”
Esther Ferrerrek 60ko hamarkadaren erditik aurrera lan egin du praktika artistiko esperimentaletan, banaka edo taldean (ZAJ taldea). 1963an lehen Adierazpen Libreko Tailerra sortu zuen José Antonio Sistiagarekin batera, eta 70eko hamarkadaren hasieran, Parisen ezarri zituen bere bizitokia eta sorkuntza-gunea. Bere ekoizpen artistikoa zabala da (marrazkiak, argazkiak, instalazioak), baina, batez ere, ezaguna da arte performatiboaren erreferente izateagatik, giza gorputza protagonista den arte-adierazpena.
Sari ugari jaso ditu, besteak beste: Trace-John Boehme Performance Art - Lifetime Achievement Award, Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala, Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea saria, MAV saria, Marie Claire pour l 'Art Contemporaine saria eta Velázquez saria.
Nabarmendutako obra
San Telmo Museoak Nabarmendutako obra programa 2023an jarri zuen martxan, denbora batez arreta obra jakin batera erakartzeko, bere ezaugarriengatik, gaurkotasunagatik edo bakantasunagatik azpimarragarria denean.
Sorreratik obra hauek izan dira programa honetan ikusi ahal izan ditugunak: Ozeanoko Perla bainuetxea (1910), Ramón Cortázarren akuarela; Pintura (1960-62) eta Adolescencia (ca. 1948), María Paz Jimenezen olio pinturak; Amalia de Llano y Dotres, Condesa de Vilches (1853), Federico de Madrazo y Kuntzen olio pintura (azken hau Museo del Pradorekin lankidetzan); Izenbururik gabe (1922) Néstor Martín Fernández de la Torreren olio lana; Tête Joan Miróren eskultura; eta Novelty kafetegirako Maumejean anaiek egindako beiratea.
