Hizkuntzak
Aktualitatea eta izen handiko hizlariak, urriko Erronkak ildoan
Europako segurtasunaren gaia pil-pilean dagoen honetan, gai horixe oinarri hartuta hasiko da Erronkak saileko urriko hitzaldi sorta. Galde aldizkariarekin batera antolatuta, José Enrique de Ayalak El rearme y la seguridad en Europa hitzaldia eskainiko du urriaren 2an.
Geopolitikari lotutakoa izango da ildo honen barnean programatutako bigarren hitzaldia ere. Hilaren 10ean El ascenso del fascismo en el siglo XXI hitzaldiaren txanda izango da Ramon Grosfoguelen eskutik.
Urteroko hitzordua bihurtu da honezkero Zientzia Hiria; Donostia International Physics Center-ekin eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarekin lankidetzan garatzen den programa. Aurten, biziaren sorrera izango du aztergai nagusia. Hizlarien artean, Jack W. Szostak biologo molekularra izango da, 2009an Medikuntzako Nobel saria jasotakoa. Bi hitzaldik osatuko dute programa, hilaren 16an eta 17an:
- Origin of Life. Jack W. Szostak. Mod.: Kepa Ruiz Mirazo
- ¿Qué es la vida y cómo surge? Diálogos desde la folosofía y la ciencia. Kepa Ruiz Mirazo, Juan Manuel García Ruiz, Izaskun Jiménez Serra. Mod.: Valentina Rodríguez
Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako XIX. Giza Eskubideen Ikastaroen barruan ere, ikusmin handia piztuko duen hizlaria izango dugu: Mikel Ayestaran kazetaria. Gazako berri emateko, urtetan itzultzaile eta laguntzaile izandako Kayed Hammadekin batera arituko da. Elkarrekin Menú de Gaza solasaldia eskainiko dute. Israelek munduko prentsa Gazatik kanpo mantentzeko arrazoi nagusiak zein diren azalduko dute, urriaren 24an, Antzoki Zaharrean izango den hitzaldian.
Urriko Erronkak ildoko programazioarekin bukatzeko, sute handien gaia izango du hizpide Peio Oriak Megaincendios forestales, danas, un planeta en ebullición hitzaldian, hilaren 28an.
Hitzaldi sorta honetaz gain, urriaren 9an Teresa del Valle oroituz. Korapilatzen diren memoriak ekitaldian omenaldia eskainiko zaio aurten hil den Teresa del Valleri, euskal antropologia feministaren aitzindaria izan zenari.
