Web mapa
Hizkuntzak

2025ean Ernest Lluch Kultur Etxeak Erakusleihoa zikloari ekingo dio berriz. Erakusleihoa 2004an jarri zen martxan, eta sorkuntza artistikoari buruzko formatu txikiko ikuskizunak programatzea du xede. Urtarrilean zehar hiru ikuskizun antolatu dira: Fràgil, Cía. María Andrés eskutik hilaren 10ean; Itzal(iko) bagina, Lankurena, hilaren 24an; Hitza hots, Karlos Giménez eta Nerea Gorritirena hilaren 31n.

Cía. María Andrés-en Fragil ikuskizunaren irudi bat

 

Hona hemen urtarrileko hiru emanaldiei buruzko informazioa:

Fràgil, Cía. María Andrés

Urtarrilaren 10ean, Cía. María Andrések Fràgil antzezlana eskainiko du, keinu bidezko clown eta poesia ikuskizun unipertsonala. Elementu eszeniko gisa kutxa batzuk ditu soilik, eta gizakiaren hauskortasuna aztertzen du: ametsak, itxaropenak, beldurrak, eta batez ere bizitzeko gogo handia.

Itzal(iko) bagina, Lanku

Hilaren 24an Lankuk Itzal(iko) bagina aurkeztuko du, bertsoa oinarritzat duen antzerki ikuskizuna. Bere tramak hiru pertsona(i)a bertso munduko zein haien barne munduko bakardadetik kolektibora eramango ditu. Barruan dituzten itzalen eta kanpoko errealitatearen linboan elkar ikusten ikasiko dute. Egungo sistema indibidualistari kritika egiteko asmoa du obrak. Bertso munduan kokaturiko istorio bat izan arren, ez du bertsoaz hitz egiten, haratago doazen auzi sozialetara salto egin nahi du: generoa, osasun mentala, familia nuklearra, meritokrazia...

Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarain dira antzezleak. Zuzendaria Iraitz Lizarraga da.

Hitza hots, Karlos Giménez eta Nerea Gorriti

Azkenik, hilaren 31n, Hitza hots disko liburua aurkezteko emanaldia izango dugu Karlos Gimenez eta Nerea Gorritiren eskutik. Giménezek bizitzari eta bere magiari buruz eginiko gogoetak dira; batzuetan, pertsonaiak itsaso zakarretan murgiltzen dira eta beste batzuetan bakearen, lasaitasunaren, ilusioaren eta desioaren besoetan kulunkatzen dira. Olerkiak jatorrian gaztelaniaz idatzi baziren ere, Jabier Imaz Aierbek itzuli ditu eta Nerea Gorritik irakurtzen ditu Karlos Gimenezen pianoaren konpainian.

Zer da Erakusleihoa

Hainbat diziplinetako lanak taularatzeko xedez jaio zen programa: poesia, musika, antzerkia, performancea, inprobisazioa, dantza, ikus-entzunezko sorkuntza, bertsolaritza… Arreta berezia jartzen du hainbat hizkuntz artistiko uztartzen dituzten obretan, sormenaren hausnarketa esperimentala eta ausarta bere helburuen artean dituzten horietan.

Askotan artistek horrelako lanak publikoarengana eramateko arazoak dituzte. Erakusleihoa hori betetzeko esperimentazio-eremu bezala eskaintzen da. Ezkutuko artistek eta ezagunek, amateurrek eta profesionalek dute tokia programa honetan, bere lana formatu txikikoa, diziplina anitzekoa, ausarta edota esperimentala den neurrian.