Hizkuntzak
"Emakume zientzialarien argitan" solasaldi-zikloa udaberrian
Elhuyarek eta Donostia Kulturak Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloa jarriko dute berriro ere martxan udaberrian Ernest Lluch Kultur Etxean. Saio guztiak euskaraz izango dira, 19:00etan. Ana Galarraga Aiestaran, Elhuyarreko zientzia-komunikatzailearen eskutik, hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Elisa Sainz de Murieta geologoa, Miren Basaras mikrobiologoa eta Mirene Begiristain ekonomilaria.

Hona hemen laburbilduta hiru ekitaldien berri:
- Martxoaren 25ean, Klima-larrialdia, ikuspegi sozioekonomikotik. Elisa Sainz de Murieta Zugadi (Bilbo, 1977) BC3 eta EHUko ikertzailea da eta klima-aldaketaren eraginak eta egokitzeko neurriak ikuspegi sozioekonomikotik aztertzeaz arduratzen da.
- Apirilaren 29an, Gure osasuna planetaren osasunera lotua dago. Miren Basaras Ibarzabal (Bilbo, 1968). EHUko ibilbide luzeko zientzialaria eta hainbat sari irabazi ditu, tartean CAF-Elhuyar Merezimendu saria. Egun, mikrobiotaren ikerketan dabil.
- Maiatzaren 20an, Elikadura-burujabetza, agroekologiatik eta feminismotik. Mirene Begiristain Zubillaga (Andoain, 1972) irakasle eta ikerlariak nekazaritza eta elikagai-sistemak ikertzen ditu, agroekologiaren eta feminismoaren ikuspegietatik.
Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahalko dira.