Hizkuntzak
"Emakume zientzialarien argitan" solasaldi-zikloa abian da berriro
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatutako solasaldi-zikloaren hiru saio gehiago egingo dira udazkenean: urriaren 23an, azaroaren 20an eta abenduaren 11n. Saioak euskaraz izango dira, astelehenetan eta 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzera ematea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan. Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, hainbat arlotan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Miren Vives, Uzuri Albizu eta Onintze Salazar.
Besteak beste, zerk bultzatzen ditu ikertzera, zein galderari erantzun nahi diote, zerk harritu ditu gehien eta zer zailtasunei egin behar diete aurre azalduko dute, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzailearen galderei erantzunez. Horrez gain, "bi kulturen" estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak), haien liburu gogokoenak ere gomendatuko dituzte.
- Lehenengo solasaldia urriaren 23an izango da. Miren Vives arkitektoa izango da elkarrizketatua, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Nola diseinatu hiri eta etxe bizigarriak eta osasungarriak denontzat.
- Uzuri Albizu matematikaria izango da bigarren elkarrizketatua. Matematikak izango ditu hizpide, eta solasaldia azaroaren 20an egingo da Matematika, gertutik eta barrutik izenburupean.
- Urteko azken solasaldian Onintze Salazar fisikaria izango da, abenduaren 11n, eta Eguraldia aldatu da edo aldaketa klimatikoagatik da? izenburua du.
Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahalko dira.