Web mapa
Hizkuntzak

El salto (2023) filmak, Benito Zambrano zuzendariarenak, inauguratuko du datorren apirilaren 12an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldia, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatua. Zinemaldia apirilaren 12tik 19ra bitartean garatuko da bai Victoria Eugenia Antzokian ꟷzinemaldiaren egoitza nagusianꟷ bai Antzoki Zaharrean, baita hiriko beste eszenatoki batzuetan ere.

El salto

Zuzendari andaluza kameraren atzean jarri da berriro, Saharaz hegoaldeko migratzaileek bizi duten egoera salatzen duen istorio berri batekin, Europarako ateetatik igarotzeko ekiten dioten bidaia latza ez ezik, behin Europan sartzea lortu dutenean, bizitza duin bat lortzeko ekiten dioten borroka ere salatzen duen film honetan.

Moussa Sylla eta Edith Martínez-Val dira beren bizitzan berealdiko garrantzia izango duen bidaia honetako protagonistak, eta haiekin batera Nansi Nsue, Mariola Fuentes, Paz Sayago, Vicenta Ndongo, Vicky Peña, Norberto Trujillo eta Eric Nantchouang dira aktoreen zerrenda osatzen dutenak.

Filmaketa Madrilgo hiriaren, bertako inguruen eta Teneriferen artean egin zen. Espainia eta Maroko banantzen dituen hesia filmatzeko, hogeita hamar metro baino gehiagoko hesi bat eraiki zen, Melillakoaren berdin-berdina.

Zuzendariaren hitzetan: "Film hau izan da niretzat —Solasekin batera— orain arte filmatu dudan beharrezkoena, eta lortu nahi izan dugun eta nahi dugun gauza bakarra da ikusleak sentitzea, pateratan iristen diren edo edozein hesitatik salto egiten duten immigranteen irudi bakoitzaren atzean —egunkarietan edo albistegietan ikus daitezkeen horietan—pertsonak daudela, gizaki desesperatuak, etorkizun hobeago baten bila dabiltzanak, haiei ere eskubidez dagokiena. Haiek ez dira barbaroak, gu lapurtzera edo ezer kentzera datozenak. Guztiz kontrakoa baizik: gure gizartea kulturalki aberastera datoz, europarrek egin nahi ez dugun horretan lan egitera eta, batez ere, gero eta zaharrago dagoen kontinentea gaztetzera".

Filmax (Barton Films iparraldean) banatzaile duen film hau apirilaren 12an bertan estreinatuko da komertzialki. Donostiako aretoetan SADE taldeak estreinatuko du.

Sinopsia

Ibrahim Ginea Conakrytik iritsi zen Espainiara, eta orain Madrilen bota ditu sustraiak. Bertan, Mariamarekin bizi da eta igeltsero lanetan dabil. Egun batean atxilotu egiten du poliziak, eta erresidentzia baimenik ez duenez, bere herrialdera deportatzen dute Ibrahim. Une horretatik aurrera, bere helburu bakarra Espainiara itzultzea izango da, Mariamarekin eta jaiotzeko zorian den bere alabarekin elkartzeko. Afrika zeharkatzea lortu ondoren, Gurugu mendian ezartzen da beste batzuekin; Afrika Europatik banantzen duen immigranteen kanpamentu bateana.