Web mapa
Hizkuntzak

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak eta TerrorMolins – Molins de Reiko Beldurrezko Zinema Jaialdiak indarrak batu dituzte aurten, sorginen munduan oinarrituta baterako jarduerak aurkezteko. Hala, sorginak izango dira protagonista bi zinemaldien 2023 edizioetan, urriaren eta azaroaren artean. Sorginak-Bruixes da leitmotiva. 24 emakume ilustratzaileren erakusketa bat eta Elisa McCausland eta Diego Salgado autoreen liburu bat daude leitmotiv partekatuan.

Sorginak-Bruixes
Irudiaren diseinua: Joan Jarque

Sorginaren figura beldurrezko zinemaren inspirazio iturri izan da bere sorreratik. Dena den, garrantzi berezia hartu du Euskal Herriko eta Kataluniako testuinguruan, non zinemak eta literaturak ikuspegi horren pean esploratu dituzten historia, kultura eta identitatea.

Sorgina, bere dimentsio guztietan, beldurrezko zinemaren publikoa liluratzen eta izutzen jarraitzen duen pertsonaia bat da, baina esanahi berri bat ere hartu du azken urteotan, emakumeen ahalduntzearen eta zapalkuntza patriarkal eta erlijiosoaren aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtuta: The Lords of Salem (2012), The Love Witch (2016), Akelarre (2020).

Euskal Herrian, sorgina hitzak “zoriaren egile” edo “sortzaile” adiera har lezake. Kataluniako sorginek, berriz, bruixa hitza erabiltzen zuten, latinezko bruxa edo brutia (“haginkari” edo “zupatzaile”) terminoan jatorria duena. Biek arrasto sakona utzi dute herri kulturan, eta hori elezaharretan, lekuetan eta jaietan geratu da islatuta. Euskal Herrian, Zugarramurdiko Leizea edo Sorginen Leizea dago, akelarreak egiten ziren lekua. Katalunian, Montsoriu gaztelua, Sant Feliu de Sasserran, edo Molins de Reiko plaça de les Bruixes, non sorginak bizi edo biltzen omen ziren.

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak eta TerrorMolinsek oinordetza kultural komun hori bildu eta ilustratzaileen erakusketa batekin eta liburu ofizial partekatu batekin ospatuko dute, aurrerago iragarriko diren beste jarduera batzuez gain. Bi zinemaldiak, Donostiakoa eta Molins de Reikoa, hurrenez hurren, urriaren 27tik azaroaren 3ra, eta azaroaren 3tik 12ra izango dira.

Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua

Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua erakusketak 24 sorgin biltzen ditu, komikiari, diseinuari eta ilustrazioari lotutakoak, gure ametsak eta amesgaiztoak zeharkatzen dituen fikzioaren, literaturaren eta audiobisualaren funtsezko errepresentazio bati ohore egiteko.

Erakusketa erritual honetan, Borja Crespo komisarioa, emakume egile ugari daude, bai euskaldunak (Ane Pikaza, Raquel Alzate, Higinia Garay, Josune Urrutia) bai katalanak (Genie Espinosa, Sandra Uve, Susanna Martin, Nadia Hafid). Hala, beren talentuaren magiarekin, gure historiako pasarte beldurgarri batzuen protagonista den sinbolo baten garrantzia eta erakargarritasuna omentzeko dei egin diegu artista horiei.

Parte hartu duten ilustratzaileen zerrenda osoa: Raquel Alzate, Sara Bea, Carla Berrocal, Natacha Bustos, Olga de Castro, Genie Espinosa, Mabel Esteban, Ana Galvañ, Higinia Garay, Nadia Hafid, Irene Márquez, Susanna Martín, Mermelada de Sesos, Ana Oncina, Laura Pérez, Mireia Pérez, Miriampersand, Ane Pikaza, Sara Soler, Clara Soriano, Josune Urrutia, Sandra Uve, Teresa Valero eta Roberta Vázquez.

Beso negro: Brujería, cine y cultura pop
Elisa McCausland eta Diego Salgado

Arte debekatuen zale orok dakien bezala, osculum infamek edo deabruaren uzkian, bere beste ahoan, musu emateak gizaki baten errendizioa adierazten du gaizkiaren aztikerien aurrean. Beso negro: Brujería, cine y cultura pop liburuak irudi hori jasotzen du bere izenburuan, Arrazoiaren Aroaren hasieratik bertatik herri kulturan etengabe agertu den fenomeno bati argi iluna emateko: sorginkeria.

Modernitatearen balioekiko nahigabe estali baten agerpen gisa sorginkeriak azken bi mendeetako kulturaren eta arteen esferetan izandako eragina errepasatzen duen sarrera baten ondoren, saiakerak, ondo zehaztutako bi ataletan, gizonezko sorginaren eta emakumezko sorginaren pertsonaiak kontrastatzen ditu, fikzio audiobisualean nonahi ageri direnak. Gizonezko sorgina eta emakumezko sorgina figura osagarriak dira, baina baita antagonikoak ere, balio nagusiak iraultzeko orduan lortu nahi dituzten bitartekoak eta helburuak kontuan hartzen baditugu.

Beso negro: Brujería, cine y cultura pop liburuak errealitatea eraldatzeko bataren eta bestearen estrategiak aztertzen ditu. Horretarako, ibilbide bat ezartzen du, zinema epizentrotzat duena. Hala ere, ez ditu ahazten pantaila txikia, komikia eta beste adierazpide plastiko eta audiobisual batzuk, non gizonezko sorgina eta emakumezko sorgina lehian aritu diren munduan izateko eta egoteko beste modu bat hezurmamitu nahian. Dion Fortune (1890-1946) eta Häxanetik (1922) The Witch (2015) eta TikTokeko nigromanteetaraino, dena esanda dirudien eta dena oraindik inbokatzeko dagoen bidaia.

Editorial Hermenauterekin argitaratuko da liburua.