Hizkuntzak
'Emakume idazleen mundu bat': Eva Cosculluela eta María Sánchez San Telmon
Azaroaren 4an eta 5ean egingo dira San Telmo Museoan Emakume Idazleen Mundu bat. 38. Nazioarteko Literatura Topaketak. Donostia Kulturak antolatu eta Luisa Etxenikek koordinatzen duen zikloan Eva Cosculluela eta María Sánchez egileek hartuko dute parte. Ekitaldiak 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango dute, jarleku guztiak bete arte.
Azaroaren 4an, asteazkenean, Eva Cosculluela idazlearen hitzaldia izango da. Luisa Etxenike izango da moderatzailea.
Azaroaren 5ean, ostegunean, María Sánchez idazlea Slawka Grabowskarekin arituko da solasean.
Eva Cosculluela
Eva Cosculluela (Zaragoza, 1972) idazlea, itzultzailea eta kultur kazetaria da. El club de las modernas (Seix Barral, 2026) lanaren egilea da. 2006az geroztik, literatur kritikan eta kultur kazetaritzan jardun du hainbat komunikabidetan, hala nola ABC Cultural, Artes y Letras, Cadena SER, Cuadernos Hispanoamericanos eta Turia hedabideetan.
Hamabost urtez Zaragozako Los Portadores de Sueños liburu-dendaren zuzendaria izan zen; denda horrek Liburu-denda Kulturalaren Saria jaso zuen 2012an. 2019az geroztik, Zaragozako Unibertsitateko Sin género de dudas Irakurketa Klub Feminista zuzentzen du.
María Sánchez
María Sánchez (Kordoba, 1989) albaitaria eta idazlea da. Literatura, feminismoa, abeltzaintza estentsiboa, kultura eta landa-ingurunea landu ohi ditu irratian eta beste hainbat hedabidetan.
María Sanchezen ibilbidea albaitaritza eta literatura uztartzeagatik nabarmentzen da. Bi esparru horietatik, landa-mundua, animalien eta ingurumenaren babesa eta landa-eremuko emakumeen lanaren aitortza defendatzen ditu.
Bere lanen artean daude Cuaderno de campo (La Bella Varsovia, 2017), Tierra de mujeres. Una mirada íntima y familiar al mundo rural (Seix Barral, 2019), Almáciga. Un vivero de palabras de nuestro medio rural (Geoplaneta, 2020) eta Fuego la sed (La Bella Varsovia, 2024).
Bere lana hainbat hizkuntzatara itzulia izan da eta sari ugari jaso ditu, besteak beste, Andaluziako Ingurumen Merezimenduaren Domina (2023), Zenda Poesia Saria 2023-2024 eta XLIV Afundación Nazioarteko Julio Camba Kazetaritza Saria (2024).
