Hizkuntzak
"Emakume idazleen mundu bat" topaketak: Luisa Castro eta Victoria Álvarez
Azaroaren 2an eta 3an egingo dira San Telmo Museoan Emakume idazleen mundu bat, 35. Nazioarteko literatura topaketak. Donostia Kulturak antolatu eta Luisa Etxenikek koordinatzen duen zikloan Luisa Castro eta Victoria Álvarez egileek hartuko dute parte. Bi ekitaldiak 19:00etan hasiko dira, eta sarbidea librea izango da jarleku guztiak bete arte.
Hilaren 2an, osteguna, izango da Luisa Castro idazlearen hitzaldia. Luisa Etxenike arituko da moderatzaile lanetan. Azaroaren 3an, ostirala, Victoria Álvarez idazlea Slawka Grabowskarekin arituko da solasean.
Luisa Castro
Luisa Castro Fozen (Lugo) jaio zen 1966an. Zortzi poesia liburu, sei eleberri, ipuin liburu bat eta prentsan idatzitako bi artikulu bilduma idatzi ditu, bai galizieraz, ama hizkuntza, bai gaztelaniaz, bere literatura hizkuntza ohikoena. Hizkuntzalaritza Hispanikoan Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean lizentziatu zen, Napoliko eta Bordeleko Cervantes Institutuen zuzendaria izan da eta gaur egun Dublinen ari da beharrean.
Eleberrigile gisa, 1990ean, Herralde Eleberri Sarian finalista izan zen, eta 2006an, Biblioteca Breve Saria jaso zuen. 2001ean, Azorin Eleberri saria jaso zuen, eta Narratibako Torrente Ballester saria 2004an.
Poesia hispanikoaren esparruan, bere izena poetarik aipagarrienen artean dago, 1986an, I. Hiperion Saria jaso zuenean ezagutzera eman zenetik. Espainiako azken poesia liburua Actores vestidos de calle 2018an argitaratu zen Visor argitaletxean, eta haren aurreko poesia lan guztia La fortaleza liburukian bildu zen 2019an. 2017an, Quaderni Ibero Americani nazioarteko hispanismoaren aldizkariaren saria jaso zuen. 2022an, argitaratu zuen galizierazko bere azken poema-liburua, Un amor antiguo, La Uña Rota argitaletxeak 2023an gaztelaniaz plazaratu duena. 2023ko martxoan, Alfaguara argitaletxeak bere azken eleberria kaleratu du, Sangre de horchata. Obra alemanera, ingelesera, frantsesera, italierara, nederlanderara eta hebreerara itzulita du, besteak beste.
Victoria Álvarez
Victoria Álvarez (Salamanca, 1985) artearen historialaria da, irakasle gisa lan egiten du Salamancako Unibertsitatean eta XIX. mendeko literatura artistikoan espezializatuta dago. 2011tik hainbat generotako dozena bat eleberri baino gehiago argitaratu ditu: garaiko misterio paranormalak (Dreaming Spires trilogia), abenturak (Helena Lennox, Penelope Quills), beldurra (La Costa de Alabastro) eta fantasia (La guerra de Gaiatra), bai helduentzat bai gazteentzat. Gaur egun, senarrarekin eta alabarekin bizi da, Salamancan. Bertan, bere ibilbide literarioa unibertsitateko irakaskuntzarekin eta ikerketa akademikoekin uztartzen du.