Web mapa
Hizkuntzak

Datorren urtarrilaren 14an hasiko da Tabakaleran Nosferatu ziklo berria, Europaren erdialdeko Billy Wilder zuzendariaren figurari, XX. mendeko munduko zinemagintzaren izen gailenetakoari eskainia, Sunset Boulevard (1950) filmaren proiekzioarekin.

Sunset Boulevard filmaren irudia
Sunset Boulevard

Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – La Filmotecaren lankidetzarekin, eta 2026ko urtarriletik abendura bitartean garatuko da.

Bere film enblematikoenetako batekin hasten da zikloa, eta ondoren, 30eko hamarkadan Alemanian gidoilari gisa egin zuen lanean barneratzen da, Frantzian zuzendari gisa egin zuen opera priman (Mauvaise graine, 1933) eta Ernst Lubitsch, Mitchell Leisen edo Howard Hawks bezalako zinemagileentzat AEBn egin zuen gidoilari lanean. 1942an zuzendu zuen aurreneko filma Hollywooden, The Major and the Minor (1942), eta bere aparteko filmografiaren hasiera markatu zuen.

Urtarrilean, zikloa hastearekin batera, Billy Wilder. Anatomía de un genio, Colección Nosferatuko 22. zenbakia argitaratuko da, eta liburuaren koordinatzaile Luis Alegreren hitzetan:

"Billy Wilderrek ohorezko lekua du mundu osoko zinemazaleen iruditerian eta heziketa sentimentalean. Bere talentu eta moldaerraztasun zoragarriarekin, etiketa oro uxatu eta lan giltzarriak sortu zituen oso bestelako generoetan: zinema beltza (Double Indemnity, 1944), komedia (Some Like It Hot, 1959), drama (Sunset Boulevard), zinema belikoa (A Foreign Affair, 1948), erromantikoa (Love in the Afternoon, 1957), intrigakoa (The Private Life of Sherlock Holmes, 1970), epaiketetakoa (Witness for the Prosecution, 1957), kazetariena (The Front Page, 1974) edo bizitza bera bezalakoak direlako generorik ez duten bestelako filmak (The Apartment, 1960).

Italo Calvinok zioen klasiko bat hauxe dela, esan behar duena inoiz erabat esaten ez duena. Billy Wilder oso ondo egokitzen da definizio horretara: bikaina, beti gordetzen diguna gure buruari buruzko sorpresaren bat".

Billy Wilder. Anatomía de un genio aipatutako liburua ez ezik, Fernando Truebarekin eta Joseph McBriderekin elkarrizketak biltzen dituena, 2026ko udazkenean Nosferatu Bildumaren 14. zenbakia editatuko da euskaraz, Wilderren figurari buruz Zigor Etxebestek idatzia.

2026ko zine-bonua eta sarreren salmenta

Tabakalerako zinema-bonua berritu egin da 2026rako, eta 90 eurotan eskainiko du 30 filmetarako sarrera. Bonu honek pantaila partekatuko erakunde bazkideen proiekzioetarako balio du (Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine-Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera), 2026ko Donostia Zinemaldian programatutakoak izan ezik.

Bonuaren erosketarekin batera, aurten ere, Nosferatu Bildumaren bi argitalpenetako bat opari emango da: Dena egiteke dago, zinema tirokatu liburu kolektiboa (Iratxe Fresnedak koordinatua) edo Billy Wilder. Anatomía de un genio liburua (Luis Alegrek koordinatua) gaztelaniaz.

Bonua 2025eko abenduaren 19ko 12:00etatik aurrera erosi ahal izango da, eta salmenta 2026ko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte egongo da zabalik. Erosketak eta kudeaketak Tabakaleraren webgunean eta Informazio Gunean egin ahal izango dira. Bonuko sarrerek 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte balio dute.

Aldi berean, urtarrileko proiekzioetarako sarrera arrunten salmenta egun eta ordu berean irekiko da (2025eko abenduaren 19an, 12:00etan). Sarrera arruntak 4,5 € balioko du. Prezio-igoera hori online erosketa bidezko jaulkipen-gastuak ezabatu izanak konpentsatuko du. Ohiko deskontuak orain arte bezala aplikatuko dira.

Bonuari eta urtarrileko programazioari buruzko informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsultatu ahal izango da.

Informazio gehiago: 2026ko lehen hiruhilekoaren programazioa