Hizkuntzak
Argitaratua 'Billy Wilder. Jaunak esana', Nosferatu Bildumako liburu berria
Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak Billy Wilder. Jaunak esana liburua aurkeztuko dute, Zigor Etxebestek idatzia, Nosferatu Bildumako XIV. zenbakia.
Billy Wilder zinemagileari eskainitako Nosferatu programazioaren zikloarekin batera dator liburua. Zikloa 2026an zehar garatzen ari da Tabakaleran, eta abenduaren 16an amaituko da, hark zuzendutako azken filmaren proiekzioarekin, Buddy, Buddy (1981).
Zigor Etxebesteren hitzetan:
"Guztiok ezagutzen dugu Billy Wilder. Edo hori dirudi. Bere film luzeen artean pare bat gutxienez izendatzen badakite ikusleek. Ez bada Some Like It Hot bat, The Apartment ere aipatu daiteke, baita The Seven Year Itch, Sabrina edo Sunset Boulevard. Eta piska bat sakonduz gero, norbaitek Double Indemnity edo Irma la Douce gogora ekarri ditzake. Zailago izango da Wilderren beste lan batzuk, nahiz eta apartekoak izan, zerrendatzea. Horiei guztiei buruz hitz egiten da hemen, jakina. Eta bidean geratu ziren lanei buruz ere."
Zuzendari izateagatik ezaguna, bere burua gidoilari bezala gehiago ikusten zuen, eta liburuan atal hori zehazki agertzen da. Halaber, Hollywooden jasandako gorabeherak aipatzen ditugu eta baita nola bi gidoilari-kide bikain bere lankide estu bihurtu ziren (hasieran Charles Brackett eta geroago I. A. L. Diamond). Alabaina, zinemaren gunera iritsi aurretik Wilderren ibilbidea Europan oso tirabiratsua izan zen eta Sucha jaioterritik Krakoviara igaro ostean, lehenik Vienan eta gero Berlinen bukatu zuen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan. Geroago filmetan islatuko zuen “Wilder ukitu” imitaezina bertan erein zuen. 1933an Parisera iritsi zen eta hurrengo urtean Amerikara jauzi egin zuen, “Hitler jaunaren iritsierak ni joatea bideratu baitzuen”.
Billy Wilderrek gidoi guztien atarian C. D. idazten ohi zuen. Bi hizki horien jatorriak harritzen zuen, latinezko Cum Deo (Jainkoarekin) esamoldetik baitzetorren. Wilder judutarra zen, baina ez bereziki fededuna, eta ohitura horri buruz galdetu ziotenean, Fernando Truebak adibidez, hauxe erantzun zuen: “Ez dakit Jainkorik dagoen edo ez, baina edozein laguntza eskertzekoa da”."
Azaleko ilustrazioa Mercedes Garcíak (Ytantos) egin du, eta liburuaren maketazioaz ere arduratu da.
Zigor Etxebestek saiakera hau aurkeztuko du gaur asteazkena, urriak 7, 19:00etan, Tabakalerako Zine Aretoan, The Apartment (1960) filmaren proiekzioaren aurretik.
