Hizkuntzak
Beldurrezko Asteak “El cuerpo como abismo” liburua argitaratuko du
Hermenaute argitaletxeak —Mikro bildumaren baitan— eta Beldurrezko Asteak lankidetzari ekin diote berriro aurtengo edizioan El cuerpo como abismo. Exploración sobre el body horror cinematográfico liburua argitaratzeko. Liburuak, Antonio José Navarro zinema-kazetari eta -historialariak idatziak, gaurkotasun handiko azpigenero hau izango du ardatz.
“Gorputz bat gara. Ez dugu gorputz bat, mendebaldeko metafisikaren bi mila urtek zorte handirik gabe eutsi nahi izan dioten fikzio kartesiar lasaigarri hori. Izerdi egin, odola jariatu, gaixotu eta zahartu egiten den organismo hori gara, une lazgarriren batean gure aurka mutatu, matxinatu daitekeena. Niaren eta haragiaren arteko muga ilusio bat da, fantasia bat, eta haragiak huts egiten duenean, nia harekin joaten da ia arrastorik utzi gabe. Body horror beldurrezko zinema —Shiversetik (1975) The Substancera (2024) arte— beste ezein artek lortu ez duen argitasunez ulertu du egia hori: anestesiarik gabe, moralismorik gabe.
Zinema modu fisiko eta asaldagarri hau David Cronenberg eta John Carpenterrekin hasi, Brian Yuzna, Frank Henenlotter eta Clive Barkerrek gogoz eta erraietatik luzatu, eta muturreko bere ondorioetaraino eraman dute Julia Ducournau, Tom Six eta Coralie Fargeatek. Haien lanaren eta beste zinemagile aztoragarri batzuenaren bitartez, saiakera honek sintoma gisa aztertzen du filmen corpus zabal hori: gorputzaren zitalkeria eta metamorfosi itzela, bere fabrikazio zientifikoa eta biopolitikoa, bere inbasio parasitarioa, niaren disoluzioa”.
Antonio José Navarro
