Web mapa
Hizkuntzak

Aste Santuan eta Pazko Astean eskaintza berezia izango da urteroko gisan: Hondalea arte instalazioa bisitatzeko aukera izango da, Urgull mendiko hiru zentroak (Historiaren etxea, Natur Txokoa eta Liburutegia) zabalik izango dira, eta San Telmo Museoak artisau papergintzari lotutako jarduerak eskainiko ditu Atzokoak gaur programan.

Urgull mendia

Urgullen, Historiaren etxea martxoaren 28tik 12ra egunero egongo da zabalik, 11:00etatik 19:00etara. Historiaren etxean Donostiari begira erakusketa dago, hiriaren historian zehar ibilbidea egiten duena bilakaera ekonomiko, sozial, urbanistiko eta kulturala jasoaz eta euskal identitateari erreferentzia eginaz.

Urgulleko liburutegia (Damen bateria) martxoaren 30etik apirilaren 12ra egongo da zabalik ordutegi honetan: 11:00-13:30 + 16:30-18:30. Gainera, egun horietan astelehen eta ostegunetan 17:00etan haurrentzako literaturarekin lotutako jarduerak egongo dira.

Natur txokoa (Gobernadoreen bateria) ere martxoaren 30etik apirilaren 12ra egongo da zabalik. Astelehenetik ostiralera 16:30-18:30, eta asteburuetan 11:00-13:30. Espazio hau naturaren gela berezia da eta naturarekiko errespetua sustatzea du helburu. Astearte eta asteazkenetan 17:00etan haurrentzako jarduerak egongo dira.

Cristina Iglesiasen Hondalea instalazioa (Santa Klara irla) ere oporraldiko eskaintzara batu da azken urteetan. Aurten apirilaren 2tik 12ra egongo da zabalik. Hori bisitatzeko era 12:30etik 15:30era ordu erditik behin egingo diren paseetan sartzea da. Sarrera doakoa da eta ez da erreserbarik egin behar.

San Telmo Museoan Atzokoak gaur. Artisau papergintza programa egongo da martxan martxoaren 27tik apirilaren 12ra. Klaustroan paperari lotutako tresnen erakusketa eta erakustaldiak izateaz gain, hitzaldiak eta haur zein helduentzat tailerrak ere eskainiko dira.