Web mapa
Hizkuntzak

Irailarekin batera, San Telmo Museoak argazki-liburuen programazioari berrekingo dio. Datozen hilabeteotan Eneka Fernandez, Ainhoa Resano, Julieta Averbuj eta Joan Fontcuberta artista interesgarriak izango ditugu gurekin.

Dinatronic, Barcelona, 1989

Gabriela Cendoyaren argazki-liburu bilduma San Telmo Museoak kudeatzen du; ia 3.200 alez osatua, doan konsulta daiteke museoko liburutegian 2017az geroztik. Urte hartan, bildumagileak museoaren esku utzi zituen guztiak, argazki-liburuen mundura gerturatzea errazteko. Hala, museoak hainbat jarduera eta ekintza programatzen ditu urtero, argazkilarien artean hain erabilia den formato hau ezagutzera emateko.
Urtea bukatu bitarte, honako hitzaldiak programatu ditugu:

Terranovatik Gran Solera. Istorio txikiek txikitik bezainbeste dute handitik
ENEKA FERNANDEZ, irailak 16, larunbata, 12:00 (EUS)
Eneka Fernández Entenza artista donostiarrak bere lehen bi argazki-liburuei buruz hitz egingo digu. Lehenengoa, Terranova izenekoa, aitari eta hark itsas zabalean nabigatzen egindako urteei eskaini zien. Bigarren argazki-liburua, Gran Sol, familia-kontakizun horren jarraipena da, baina kasu honetan ama/emakume/etxekoandrearen ikuspegitik.

Jarduera hau Mikel Otxotekoren Hemen dragoiak daude erakusketaren harira programatu da. Erakusketa irailaren 20tik urtarrilaren 7ra egongo da ikusgai, museoko Laborategian.

Ellas
AINHOA RESANO, urriak 6, ostirala, 19:00 (CAS)
Iruñean jaio eta Bilbon bizi den sortzaile honek Ellas diziplina anitzeko proiektua aurkeztuko digu; emakumeen bizitzako istorioak etxeko argazkien eta beren kontakizunen bidez azaldu eta ikusarazi nahi dituena. Ainhoa Resanok azpimarratu du Bilboko goi auzoetako emakumeen argazki -eta memoria- proiektu parte-hartzailea dela. Haien historia beren familia-albumetan gordetako oroitzapenetan ezagutu nahi du, argazkietan eta kontakizunetan, beren oroitzapenen distiran, eragiten dituzten pitzaduretan.

El juego de la madalena
JULIETA AVERBUJ, azaroak 18, larunbata, 12:00 (CAS)
Julieta Averbuj argazkilari katalanak El juego de la madalena argitalpenaren nondik norakoak ekarriko dizkigu. Artxiboko irudien erabileratik eta sekuentziarik ezetik abiatuta, argazki-liburu honek oroimenaren funtzionamenduari buruzko gogoeta egiten du, ikusleari oroitzapenezeko bidaia bat eskainiz.

• Fotografía: de la alquimia a los algoritmos
JOAN FONTCUBERTA, abenduak 16, larunbata, 12:00 (CAS)
Urtea amaitzeko, Joan Fontcuberta argazkilari ezaguna izango dugu. Abenduan inauguratuko den Garuna(k) erakusketan ere parte hartuko du berak, instalazio batekin.

Fontcubertaren obraren ezaugarri nagusia irudiak aldatzea da. Horregatik, «artista gezurtia» ezizenez ere ezagutzen da. Gainera, Fontcuberta errealitatearekiko eta argazkigintzarekiko etengabeko kritikagatik nabarmentzen da. Dinosaurios lanean, dinosauroen irudi tradizionalak eta adimen artifizialez sortutakoak konbinatzen ditu.