Hizkuntzak
Genitemporekin eta Legarretarekin abiatuko du argazki-liburuaren inguruko programazioa San Telmok
Urriaren 14an Argazki-liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horrek markatuko du San Telmo Museoan STM-GCBC argazki-liburu bildumari eskainitako ikasturte honetako programazioaren hasiera; izan ere, Matthew Genitempo argazkilari estatubatuarrarekin bi saio eta Nagore Legarretarekin gazteei zuzendutako zianotipia tailer bat izango dira urrian.
Matthew Genitempok bere azken lanari buruzko hitzaldi bat eskainiko du urriaren 28an. Bertan, argazkia ulertzeko duen modua eta, bereziki, argazki-liburua ikusizko narratibak eraikitzeko gune gisa ulertzeko duen modua partekatuko ditu publikoarekin. Donostiara egindako bisitan, argazkilariak argazki-portfolioak berrikusteko saio bat eskainiko du urriaren 27an (agortuta). Genitemporen egonaldia Basque Dok Festivalekin elkarlanean antolatu da.
Urriko programazioa gazteentzako (+14) zianotipia tailer batek borobilduko du (urriak 17), Nagore Legarreta artistak eskainiko duena. Jarduera honetan argazki-teknika historiko horretara hurbilduko da parte hartzailea, eta haren aukerak aztertuko ditu ikuspegi praktiko eta sortzaile batetik.
Argazkigintzarekin esperimentatzeko aukera eskaintzearekin lotuta, azaroaren 14an helduentzako tailer bat egongo da, Argazki kamera sortu pospolo kutxa batekin, eta bertaratzen direnek beren kamera estenopeikoa egin ahal izango dute. Hau ere Nagore Legarretaren gidaritzapean.
Bestalde, Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) lankidetzan, museoko liburutegiak Irudia habitatzea. Erresistentzia-egunkariak instalazioa hartuko du, Palmira Sabaté eskolako Komisariotza Masterreko ikaslearen proiektua. Azaroaren 24tik abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahal izango da eta tarte horretan proiekzio-elkarrizketa bat eta bisita gidatu bat ere izango dira.
Azkenik, hiruhileko honetan hauek izango dira Argazki-liburu Laborategirako datak: urriak 10 eta 24, azaroak 14 eta 28, eta abenduak 12. Ordutegia: 10:00 – 13:30.
