Hizkuntzak
Argazki-liburu laborategia, hitzordu berria San Telmo Museoko liburutegian
San Telmo Museoko liburutegiak beste urrats bat eman du argazki-liburuaren inguruko erreferentziazko topagune gisa finkatzeko. Euskarri hau eta fanzinea maite dutenak museoko espazio honetan elkartu ahal izango dira eta ideiak partekatu ahal izango dituzte hilean bi larunbatetan.
Larunbat honetatik, martxoaren 14tik, aurrera, liburutegia zabalik egongo da hilabete bakoitzeko bigarren eta laugarren larunbatetan, 10:00etatik 13:30era, STM-GCBC argazki-liburu bilduma publikoaren eskura dagoela aprobetxatuz.
Ordutegi horretan, liburutegia argazki-liburuen laborategia bihurtuko da, museoak hainbat material eta inprimagailu bat jarriko baititu interesdunen eskura, modu autonomoan esperimentatu eta taldean lan egiteko. Maketak, fanzineak edo argitalpenak sortzeko gune bat izango da, prozesuak, ideiak, zalantzak, esperimentazio-metodoak... partekatzeko aukera eskainiko duena.
Egun horietan argazki-liburu bilduma kontsultatu ahal izango da, baina ez da liburutegiko beste funts batzuk mailegatzeko edo kontsultatzeko zerbitzurik egongo.
Hauek izango dira, ekainera arte, STM-GCBC bilduma kontsultatzeko irekiera-datak: martxoaren 14 eta 28a, apirilaren 11 eta 25a, maiatzaren 9 eta 23a eta ekainaren 13 eta 27a.
Zerbitzu hau uztailean eta abuztuan eten egingo da, baita eskolako beste oporraldietan ere.
