Web mapa
Hizkuntzak

San Telmo Museoak Zaharra eta gurea. Antzoki Zaharra eta haren historia liburua aurkeztu du, Mikel G. Gurpeguik idatzia. Lanak Donostiako antzokirik zaharrenaren ibilbidea jasotzen du 1846ean inauguratu zenetik gaur egunera arte. 

Susana Soto, Mikel G. Gurpegui, Sara Cozar, Jon Insausti, Carles Sans, Jaime Otamendi
Maialen Andrés

Argitalpena 2022an hasitako ikerketa lan baten emaitza da. Urte hartan San Telmo Museoak Amable Arias (1927-1984) artistaren Antzoki Zaharra seriearen mailegua jaso zuen haren bikotekide Maru Rizoren eskutik. Mailegua 61 akuarelak, arkatzez eta tintaz egindako 43 marrazkik eta Ariasen haurtzaroko argazki bilduma batek osatu zuten. Hain zuzen, Arias haurra zela, bere amak Antzoki Zaharreko jantzizaindegian egiten zuen lan eta askotan egoten zen han berarekin.

Mailegu horren ondorioz, museoak 2023an, Amable Arias banbalinetan erakusketa antolatu zuen eta agerian geratu zen artistak kulturgune honekin zuen harremana. Orain, proiektua liburu honen argitalpenarekin amaitu da, eraikinaren inguruko begirada zabalduz eta hiriko kulturaren historian izan duen lekua aitortuz.

Lan hau egiteko Mikel G. Gurpegui artxibo, hemeroteka eta argazki funtsetan aritu da lanean eta horrekin osatu du Donostiako Kale Nagusian dagoen Antzoki Zaharraren historia. Emaitza eraikin baten eboluzioan zehar egindako ibilbide dokumentatua da, 1846an zabaldu zenetik eraldaketa arkitektonikoak izan dituena eta hiriko bizitza kulturalaren agertoki izan dena.

Liburua salgai dago hala San Telmo Museoko dendan nola Elkar liburudendetan.