Hizkuntzak
Argiartean Jaialdia
Argiartean jaialdia argi-arteen arloko sorkuntza eta erakusketa laguntzeko Donostia Kulturaren plataforma da.
Argiartean
Argiarteanek lan-prozesu esperimentalak abiaraztea planteatzen du, laborategi gisa, eta prozesu horien amaiera erakustaldi moduan, jaialdi bat egin izan da urtero, urrian, Loiolako Erriberetan. Bertan hainbat diziplinatako artistek zenbait hilabetetan zehar egindako proiektuak jendaurrean azaltzen dituzte. 2024ko Argiartean jaialdian etenaldia egingo da. Jaialdiaren inguruko hausnarketa prozesua amaitutakoan iragarriko dira data berriak.
Ekitaldirako propio sortutako argi-instalazioez eta proiekzio monumentalez goza dezakete herritarrek, eta hainbat diziplinetako artisten zuzeneko emanaldiak ere izaten dira. Horietan guztietan argiak eta ikus-entzunezko baliabiodeek, bat egiten dute arkitekturarekin eta paisaiarekin.
Argiartean aukera paregabea da Loiolako Erriberetako Oroimenaren Lorategia bezalako espazio berezi bat berraurkitzeko eta esperientzia artistiko baten parte izateko: abangoardiako jaialdi bat, izaera esperimentaleko proposamenak biltzen dituena, formatu harrigarrian.
Egitaraua
Hauxe da urriaren 6ko egitaraua.
20:00: Álvaro Turrión + Jaime de los Ríos
Álvaro Turrión konpositore eta ekoizleak (Chico Boom, Supersweet, Lie Detectors) bere piano testuren bidez paisaia abstraktuak gogorarazten dizkigun lan intimista aurkeztuko du.
Jaime de los Ríosen lanak, berriz, teknologia eta artea uztartzen ditu. Tresna digitalak erabiliz eta hazi gisa kontrolatu gabeko datu-iturriak erabiliz, bizitza propioa duten pieza sortzaileak abiarazten ditu. Artistaren eskuek hazi horiek mugimenduz eta edertasunez betetako irudi piktoriko bihurtuko dituzte.
21:00: Magia Bruta
Magia bruta Isabel Fernández (Charades, Aries) konpositore eta ekoizleak Aida Torresekin (Lisäbo, Jupiter Jon) batera abiatu duen bidaia berria da. Lan honek harmonia eta esperimentazio instrumentaleko uhin hedakor zirraragarria eskaintzen du. Euren zuzenekoa Isabel Fernándezen beraren bideo sormen koloretsuez laguntzen dituzte, edertasun exotikoko unibertso sentsoriala osatzen duten irudiak.
22:15: Instrümental (Ibon Errazkin + Javi P3z)
Ibon Errazkin eszena independenteko eragin handiko sortzaile errespetatuenetakoa da. Gustu bikaineko gitarrista, konpositorea, moldatzailea, ekoizlea... Alderdi horiek guztiek funtsezko izen bihurtu dute azken urteetan popa, eta, bereziki, Le Mans talde donostiarraren gidaritzan egindako lana ulertzeko.
Javi P3z ezinbesteko figura da Donostiako musika-eszenaren alderdirik aurreratuena ulertzeko. Aitzindaria izan da abian jarri dituen proiektu guztietan. 23 Ojos de Pez 80ko hamarkadaren amaieran edo Parafünk 90eko hamarkadaren hasieran, Sirope kolektiboa, Etxekalteko programazioa, Elektronikaldia, Javi P3z Orquesta, Triz3ps...
Elkarrekin Instrümental egitasmoa berreskuratuko dute inoiz ikus gabeko emanaldi oso berezian, Javi P3z berak sortutako bisualen laguntzaz.
23:00: Distopía mutante: Laponite XLG / Sabiwa + Nathan L.
Distopía Mutante Donostiako kolektiboa da, eta 2018an sortu zen José M. Tena, Ane Boury eta Andre Koenigen eskutik, lurpeko eta substantzia esperimentaleko musika-proiektuak azaleratzeko helburuarekin. Distopia Mutante kolektiboa jaialdiaren aurtengo kolektibo gonbidatua da (iaz Animadeba izan zen) eta honako saio berezia aurkeztuko du:
Laponite XLG: Drag performance-ak, ikus-entzunezko lenguaia, protesien sorkuntzak eta soinuak bat egiten dute Laponite XLG (Alicia Arévalo) pertsonaiaren gorpuzte performatiboan: etorkizuneko mundu bateko kimera teknologikoa da, generoa eta gizatasuna gainditu dituena, baita naturaren eta teknologiaren arteko oztopoak ere. Aniztasunetik jaiotako gorputz mutantea da.
Sabiwa + Nathan L.: Berlinen bizi den Sabiwan taiwandarra elektronika esperimentaleko soinuak eta irudiak ekoizten eta disekzionatzen ditu, iturri natural eta sintetikoetatik abiatuta, testura konplexuekin eta eredu abstraktuekin elkarreraginean, eta ahotsa ere erabiltzen du konposizioetan hari gidari gisa.
Hauxe da urriaren 7ko egitaraua:
20:00: LUMI+ Nagore Legarreta
Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatzen dute Lumi elektro-pop estiloklo bikotea. Ziburuko eta Donibane Lohizuneko bi musikariek folk musikan eta musika elektronikoan egindako bideak batu eta soinu elektronikoarekin jantzi dituzte euskarazko abestiak, malenkonia berezi eta melodia irrealen atmosfera bakar bezain ederra lortuz. Bezperen dirdira (2022) lanean bikoteak gorenera eraman du 2014an hasitako bilaketa prozesua, erritmo eta konposizio organikoetan dantzan dabilen ahots polimorfoa lortuz.
Nagore Legarreta hernaniarra euskal argazkilaritza berrian erreferentzia nagusienetakoa da, bereziki prozesu analogikoetan oinarritutako lanengatik ezaguna. Nagorek Bezperen Dirdira laneko kantuak eta kantuotan bizi diren izakiak lagunduko ditu pieza bisualekin. Horretarako argazki moldatuak, marrazki eta margoak baliatuko ditu, aldi berean basati eta delikatuak diren testuren desfile bat sortuz.
21:15: TMATDB + Desilence
TMATNB The Morning After The Night Before (aurreko gauaren ondorengo goiza) lanaren akronimoa da, eta, oraingoz, pop elektronikoaren eta deep technoaren uretan murgiltzen den proiektu bati bizia ematen dion izena da, synth wave eta rockera osteko gitarren zenbait trazarekin. Betu Molerok (ahotsa eta efektuak), Marc Minguellak (gitarra eta sinteak) eta Jandro Ginerrek (erritmoen eta sinteen kaxa) osatzen dute.
Tatiana Halbach (Bartzelona) eta Søren Christensen (Danimarka) dira Desilenceren indar sortzailea. 2005etik aurrera formatu handiko ikuskizun eszenikoak sotu dituzte, zuzeneko ikusentzunezkoak, eszenografia bisualak, musikalak, dantza ikuskizunak, instalazioak,… Argiarteaneko aurreko edizioan Dotore musikariarekin batera egindako lanak guztiz liluratuak utzi gintuen.
22:30: Zabala (Jon Aguirrezabalaga + Mikel Aguirrezabalaga)
We Are Standard taldean ibilbide luzea egin ondoren, Jon Aguirrezabalaga bilbotar konpositore eta ekoizleak ZABALA izena hartu zuen bere lanik pertsonalena ekoizteko. Bertan genero elektronikoetan murgiltzen da, hala nola ambient-a, ikuspegi esperimental eta irekia duen IDM edo drone-a, eta arte eszenikoetarako eta zinemarako bere lana ere bideratu du. Mikel Aguirrezabalaga, Jonen anaia, zuzeneko bisualez arduratuko da.
23:30: Pablo Casares
Pablo Casares Gurmendi sortzaile polifazetikoa da, eta maisutasunez jorratu ditu poesia, soinua eta arte plastikoak. Ziklikoki lan egiten du diziplina batetik bestera salto eginez eta horietan murgilduz aldi luze batean, arlo bakoitzean sendotasun eta koherentzia handiko obra bat sortuz. Argiartean-en, jaialdiaren amaiera gisa, Pablo Casares margolariaren eta Pablo Casares soinu-artistaren lanak ikusi eta entzun ahal izango ditugu lehen aldiz elkarrekin. Inkontzientearen sakonerako bidaia pausatua.
Gehada: Reflections
GHEADA (Raquel Durán eta Rut Briones) ikus-entzunezko estudioak mekanismo sinple bezain eraginkor baten bidez sortutako instalazio honetan, giza ekintzak islatutako eta distortsionatutako argiak, elizaren sarrerako espazioa esperientzia murgiltzaile bilakatuko du.
Juan Aizpitarte: Fiat Lux
Juan Aizpitartek objektu fisiko baten filmaziotik abiatuta sortutako ikus-entzunezko pieza bat aurkezten du: argiztapen-joko ugari jasaten dituen eta argiaren, kolorearen eta bolumenaren funtsezko alderdiak azaltzen dizkigun tramankulu bat. Pieza bere maila gorenean osatzen da elizako areto batean proiektatuta, filmatutako artefaktuak hartzen gaituen arkitekturarekin bat egiten duenean.
Subijana & Lozano: Kroma
Instalazio honek tenpluaren sabaiaren gaineko proiekzio digitala erabiltzen du argiztapen-tresna soil gisa, Iesuren erdiguneko espazioa tindatu eta eraldatzeko, modu honetan hainbat giro kromatiko ezberdin sortuzsortzeko. Instalazioa hau Xabier Lozanok eta Edorta Subijanak sortutako barne zein kanpoko argi-interbentzio batzuen parte da.
Las Synergys: Sala de Salas
Las Synergys taldea (Paula Guerrero eta Bruno Delgado Ramo) eta Zine-Labek (Maite Alonso eta Unai Ruiz) zine-proiekzioko ingurune zental bat sortu dute ezaugarri apartak dituen espazio batean. Bertan, 8mm eta 16mm-ko film analogikoan horretarako sortutako filmazioen proiekzio mugikor eta gidatua egiten da.
Fernando Bernués: Begiekin Pizteko Hitzak
Fernando Bernués zuzendari, ekoizle eta eszenografoak ibilbide gogoangarri bat proposatzen du parkean zehar eta irudi anonimoen eta hitzaren presentziaren bitartez. Sorkuntza lan honetan Harkaitz Cano idazlearen laguntza izan du.
Julio Garcia: Upcycle
Julio Garcíak DSS2016EU kultur hiriburutzaren inaugurazio ekitaldirako eraiki ziren luminaria batzuen enegarren transformaziotik abiatuta sortutako pieza bat proposatzen du, material pobreak eta maker izpirituaren soluzioak aldarrikatuz. Parkearen sarreran kokatuta egongo den mugarria; ikono bat, manifestu bat. Argiztapena (benetan) Adimentsua.
David Alcorta: Waves
Instalazio honetan David Alcortak laserra nebulizazioarekin konbinatzen du mugitzen ari den holograma tridimentsional bat sortzeko. Instalazioak denboraren pertzepzioa etetea bilatzen du, patroi erritmikoa eta oso bilakaera geldoa duen mugimendu bat sortuz, nolabaiteko ikusmen-adagio bat, mantso-mantso joanda ere geldiezina den sentsazioa.
Jaime de los Ríos: Frame By Frame
Jaime de los Ríosek egindako proiekzio monumentala jaialdiak irauten duen bitartean izango da ikusgai, emanaldien arteko denbora-tarteetan, elizaren fatxadan.
Carlos Solano: Objeto Especular
Carlos Solanok jolas bat proposatzen digu, jolas zientifiko bat. Argia ispilu artean bere bidea marraztuz bidaiatzen ikusiko dugu eta ehunka izpietan errefraktatzen. Ispilu batean eragiten dugunean, horrek jolasaren beste elementu batzuk aktibatuko ditu, argi eta soinu efektuak. Bi laino-makinek argia ikusteko aukera emango digute, eta ukipen-terminal baten bidez, haien arteko bidea egin ahal izango dugu.
Diego Sologuren: Lampyridae
Diego Sologuren arkitektoak farola iragankor eta mugikorreko eredu bat diseinatu zuen, Argiarteanerako berrerabil zitezkeen elementu estandarizatuetan oinarrituta. Edizio honetan, Sologurenek bederatzi farola dituen konposizio bat proposatzen du jaialdiko foodtrucken gunea argiztatzeko.
Aurreko edizioak
Argiartean jaialdiaren hirugarren edizioa urriaren 6an eta 7an egin zen Loiolako Erribera auzoan. Oroimenaren lorategia eta Iesu eliza jendez bete ziren berriro ere, iazko zenbakiak gaindituz bi gauetan 6.000 bisitari jasota.
Hirugarren edizioko balantzea oso positiboa izan da, bai erakutsitako proposamenen aniztasunari dagokionez, bai herritarrek emandako erantzunagatik ere. Udazkenekoa baino gehiago udakoa izan zen klimak lagunduta, herritarrek instalazio, proiekzio eta zuzeneko emanaldi esperimentalen eskaintza zabalaz disfrutatu zuten bi gauetan.
Diziplina anitzeko artistek, tokiko zein ingurukoek, adin guztietako publikoarengana iristea lortu zuten. Haurrak Gheada estudioko Reflections bezalako instalazioetako argi jolasarekin eta Carlos Solanoren Objeto Especular obraren interaktibitatearekin dibertitu ziren. Helduek aldiz, proposamen intimo eta zorrotzagoetaz gozatu zuten, hala nola, Sala de Salas proposamena. Bertan, Sinergy eta Zine-lab-en artean proiekzio zenitalerako ingurune bat sortzea lortu zuten aparteko espazio batean. Denek gozatu zuten musika proposamenez eta gaua luzatzera bultzatzen zuten food trucken terraza zabalaz.
Jaialdia ostiralean 20:00etan hasi zen, eguzkia sartzearekin batera, Alvaro Turriónen kontzertua eta Jaime De los Riosen proiekzioekin. Elizaren fatxadan irudi abstraktuak proiektatzen joan ziren pianoaren doinuak lagunduta. Gauak Laponite XLG performance dragarekin jarraitu zuen eta Sabiwa + Nathan L taldearen musika elektroniko esperimentalarekin amaitu zen.
Larunbata Lumi taldearen proposamenarekin eta Nagore Legarretaren argazkiekin hasi zen, argazkiak malenkonia berezien soinu elektronikoarekin bateratuz. TMATMB talde katalanaren kontzertuarekin eta Desilenceren proiekzioarekin jarraitu zuen gauak, eta azkenik, Pablo Casares artista eta sortzaile polifazetikoak eman zion amaiera jaialdiari.
2022an egin zen Argiartean Jaialdiaren balantzea oso positiboa izan zen antolaketari eta herritarren erantzunari dagokionez. Udazkeneko eguraldi onak lagunduta, 5.000 ikusle hurbildu ziren urriaren 7, 8 eta 9ko gauetan. Light-art instalazioak, proiekzio monumentalak eta zuzeneko emanaldiak izan zituzten ikusgai Oroimenaren Lorategiaren inguruetan eta Iesuko Elizan. Ostiral gaueko 20:00etan ireki zen erakustaldia, hainbat argi-instalazioekin eta proiekzio monumentalekin.
Emanaldien programa hasteko, Puy Barralek eta Garazi Navasek hitz errezitatuko, musikako eta arte bisualeko 'collage' bat egin zuten. Bertan, taldeak Huesos errezitaldi poetikoa Rebeka Elizegiren Lumo emanaldira egokitu zuen. Ondoren, Pablo Martínez, Dotore, Tatiana Halbach eta Søren Christensen, Desilence, artista bisualekin elkartu zen ahots eta txaloen sampleoaren gainean eraikitako pop luminiszentea eskaintzeko. Larunbatean, argi jokoak Lluch eta Labcuatro taldeen ambient musikarekin hasi eta Garazi Gorostiaga eta Garazi Navas bikotearen eskutik izan zuten jarraipena. Gauak Skygaze eta Inesferaren elektronikarekin izan zuen itxiera. Igandean, Beñat Achiaryk eta Joseba Irazokik José Antonio Sistiaga omendu zuten euren ahots eta soinuekin, Impresiones en la alta atmosfera (1989) film labur animatuaren emanaldian, eta agur musikala Bongho Krappul psikodelia exotikoak eta Paolettaren argi-laborategi analogikoak eman zuten.
ZineTxita zine ibiltariari esker Animadeba jaialdiak aukeratutako film labur esperimentalak erakutsi ziren. Jaia osatzeko, Kemekomo eta Medrar Tierra (beganoa) food trucketaz eta Grossen artisau garagardoaz ere gozatu ahal izan zen. 2022ko Argiartean 2019ko Olatu Talkaren oinordekoa da. Laborategi esperimental honek tokiko talentuari begiratu dio batez ere eta Edorta Subijana eta Jaime de los Ríos artista izan ditu komisario lanetan.