Hizkuntzak
John Zorn at Jazzaldia 2 Incerto + Simulacrum
John Zorn
John Zorn, Abangoardiako Jazzaren erreferentzia nagusia, artista emankor eta polifazetikoa da: konpositorea, moldatzailea, ekoizlea, saxofonista eta multiinstrumentista. Bere izena interprete, konpositore edo ekoizle gisa agertzen da ehunka albumetan. Genero ugari landu ditu: jazza, rocka, hardcore punka, musika klasikoa, klezmerra, musika inprobisatua, soinu-bandak...
Aipatutako guztiaz gain, Zornek katalizatzaile lana egiten du abangoardiaren eremuan, batez ere New Yorkekoan, non balio eta oihartzun handiko ehunka musikari kokatzen diren. Izan ere, New Yorken egiten den Jazza ezin da ulertu Zornen orbitan mugitzen den musikariren batek parte hartu gabe.
John Zornek Jazzaldian egindako emanaldi arrakastatsuek arrasto sakona utzi dute: 2013an bere Masada Marathonekin, 2015ean Bladerunner Triorekin eta 2019an, Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen urtean, Bagatelles Marathonekin. Jazzaldiaren 59. edizio honetan, maisu estatubatuar handia honen musika 6 talderen eskutik eskainiko da; hiru egunetan jarraian arituko dira, uztailaren 26an eta 27an Kursaal Auditorioan eta, 28an, Trinitate plazan.
Hauek dira 6 proiektuetan parte hartu duten musikariak: Julian Lage, Gyan Riley, Brian Marsella, Jorge Roeder, Ches Smith, John Medeski, Matt Hollenberg, Kenny Grohowski, John Zorn eta Kenny Wollesen.
INCERTO
Julian Lage (gitarra), Brian Marsella (pianoa), Jorge Roeder (baxua), Ches Smith (bateria)
Incerto Jazz modernoaren talde berri eta zirraragarri baten sorrera da. New Yorkeko eszena zirraragarriaren belaunaldi berriko lau musikari nabarmenetako batzuk biltzen dituena: Julian Lage, Brian Marsella, Jorge Roeder eta Ches Smith. Edozer egiteko gai den laukotea, ezin aproposagoa Zornen egitura konpositibo bitxiak interpretatzeko.
Oso musika joria, zeharo konplexua, erabat nahasia eta egituran guztiz bitxia, biziki motibagarria eta izugarri ederra. Konpas aldaketa konplikatuak, melodia atonalak eta ezohiko harmoniak biltzen dituen musika.
Jazz modernoa bere adierazpen gorenean!
SIMULACRUM
John Medeski (organoa), Matt Hollenberg (gitarra), Kenny Grohowski (bateria)
Simulacrum baliteke izatea garai guztietako trio neurriz gainekoena, organo batek lideratua. Noranzko berri bat John Zorn alkimista newyorktarraren alde basatirantz, zeinak, ia 70 urterekin, mundu berriak esploratzen jarraitzen duen.
Logika zinematografiko batekin garatzen diren konposizioak, sailkapenari desafio egiten dion musika, metala, Jazza, minimalismoa, atonalitatea, noisea... uztartuak. John Medeski, Matt Hollenberg eta Kenny Grohowskik osatutako izarren berealdiko trioak pasioz interpretatutako musika.
John Zorn at Jazzaldia abonamendua:
John Zornek Donostiako 59. Jazzaldian emango dituen kontzertuak biltzen dituen abonamendu bat badago. Hemen eskuragarri.