Web mapa
Hizkuntzak
Apirila 2023
20 € Erosi

Argitara atera berri da Nosferatu Bildumako liburu berria, El polar francés 1931-1982. Liburua, sailaren 19. zenbakia, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak editatua, eta Antonio José Navarrok koordinatua, hurbilketa bat da polar deitutako Frantziako zinema beltzera.

Antonio José Navarroren hitzetan:

Polar terminoak –policier (poliziakoa) eta noir (beltza) hitzen apokopetik sortuak– bai zineman bai literaturan krimenaren eta polizia-gaien inguruko adierazpide desberdinak hartzen ditu barnean, kultura frantsesaren ikuspegitik betiere. Hala, delituaren eta delinkuentearen antropologia soiletik, Ongiaren eta Gaizkiaren konfrontaziotik haratago doazen adierazpideak dira. Polar filmikoa, izan ere, baliteke izatea historian Europak generoko zinemari egindako ekarpenik handienetakoa, bertan elkar hartzen baitute Europako abangoardiek, Hollywoodeko pelikulek, eta poetika tragiko tremendistak, XIX. mendearen bukaerako Frantziako nobela naturalistan sorburua duenak, marjinazioari, les bas-fonds horiei buruzkoak. Hori guztia irudi metaforiko, liriko eta zeharo errealistek piztutako lilurari lotuta.

Hala, honela definitzen da polar: ideologietan anitza eta estetikan poliedrikoa den zinema. Fenomeno transkultural, transhistoriko eta transgeneriko bat. Bere estilo bisuala –zehaztua baina aldi berean bere autoreen kezketara moldatua– begirada, pentsamendu, emozio bihurtzen da gizartearen eta, batez ere, berau osatzen duten gizabanakoen alde ilunaren inguruan. Genero honetan, polarrean, zinemagile gailenen obrarik onenak aurkituko ditugu, beste askoren artean hauenak: Jacques Becker, Marcel Carné, Pierre Chenal, Claude Chabrol, Alain Corneau, Julien Duvivier, José Giovanni, Jean Grémillon, Jean-Pierre Melville, Jean Renoir eta Henri Verneuil.

Hauek idatzia da liburua: Carlos Aguilar, Tonio L. Alarcón, Ricardo Aldarondo, Quim Casas, Mar Corrales, Roberto Cueto, Roberto Curti, Tomás Fernández Valentí, Pablo Fernández Vegas, Jorge Gorostiza, Eduardo Guillot, Elisa McCausland, Antonio José Navarro, Luis Pérez Ochando, Jesús Palacios, Juan Andrés Pedrero Santos, Àngel Quintana, Aarón Rodríguez eta Diego Salgado.

20 €
Erosi