Hizkuntzak
Donostiako 32 ikastetxe 2025-2026 ikasturteko "Liburuka" irakurketa proiektuan
Liburuka proiektuan izena emateko epea irailaren 24an bukatu zen eta harrera oso ona izan du. Zehazki, Irakurle gazteak ekimenean 191 liburu kaxa eskaera jaso da, 143 motxila txikik ekingo diote zirkuituari eta Areto literarioan 10 saio eskainiko dira, aurten "eskapu gelan" izango dena. Guztira, 2025-2026 ikasturtean, Donostiako 32 ikastetxek parte hartuko dute aipatutako programetan.
Donostia Kulturako Liburutegien eta Donostiako hainbat ikastetxeren parte hartzearekin gauzatuko da eta hiru ekimen burutuko dira, urritik ekainera bitartean.
Motxila Txikia
Motxila txikia egitasmoa Galtzagorri Elkartearekin batera egiten da, Mintzoan kux-kux izeneko egitasmo zabalago baten barnean (lehen Bularretik mintzora). Irakurketa bultzatzeko asmoz, liburutegia, eskola eta familia lotzen dituen programa da, eta Haur Hezkuntzako (3-6 urte) eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako (6-8 urte) ikasleei zuzenduta dago. Astero ikaskide batek hartuko du motxila txikiaren ardura: gurasoekin liburutegira joango da, Motxila txikia txokotik gustuko duen liburu bat aukeratuko du eta etxean irakurri ondoren, ikastolan landuko du irakaslea eta ikaskideekin; gero, beste ikaskide batek ekingo dio zirkuitu berari.
Irakurle gazteak
Irakurle gazteak egitasmoaren xede nagusia da Donostiako ikastetxeei liburutegietan mailegagarri dauden liburuak eskaintzea. LHko (6-12 urte) eta DBHko 1. zikloko (12-14 urte) ikasleei zuzenduta dago. Liburutegiek proiektu honetarako hautatuak izan diren liburuak mailegatuko dizkiete ikastetxeei, 2 hilabete t'erdiko epean ikasgeletan irakur ditzaten. Hainbat liburu mota (albuma, narratiba, poesia, antzerkia, komikia eta ezagutza liburuak) bidaliko dira, euskaraz zein gaztelaniaz idatziak. Bidalketa kaxa berezi batzuetan egingo da, eta kaxa horiek egokiak izango dira ikasgelan liburutegiko liburuak erakusgarri izateko.
Areto literarioa
Areto literarioak Galtzagorri Elkartearen partaidetzarekin antolatzen dira. 2025rako proposatzen den aretoak Hizki-Hazka izena du, eta 2025eko urriaren 14tik 20ra egingo da. 8 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Areto literario honetan, Alfabetoa izango dugu protagonista. Hortaz, hizkiak eta hitzak izango ditugu hizpide eta haien bitartez, haiekin jolastuz eta haiei jarraiki burutuko dugu ibilbide literarioa.
