Hizkuntzak
Sorkuntza babestea
Donostia Kulturak sorkuntza babestu eta sustatzen du, eta, horregatik, hainbat ekimenetan parte hartzen du.
Poltsiko Antzerki Sorkuntza
Poltsiko Antzerki Sorkuntza euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza sustatu nahi duen Poltsiko Antzerki Jaialdiaren egitasmoa da. Donostia Kulturak antolatzen du, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin.
Poltsiko Antzerki Jaialdian zein orokorrean euskarazko formatu txikiko antzezlan gutxi eskaintzen direnez, deialdi honek euskarazko sorkuntzak ugaritzea du helburu.
Sari honen bidez, laguntza ekonomikoaz gain, proiektuak ekoizteko eta zabaltzeko laguntza ematen da, hautatutako obren emanaldiak antolatuz. Beraz, deialdi honek esku-hartze integrala dakar, hautatutako obrak sortu, ekoitzi eta zabaltzeko euskarria emanez.

Poltsikoko antzerkia 2021 - Las Dostoyevsky.

Poltsikoko antzerkia 2021 - Txikiren bakarrizketa.
Antzerkigintza Berriak
Idazketa dramatiko propioari bultzada
Proiektuaren helburua, bere garaian DSS2016ek sustatua eta bere legatuaren parte bihurtu dena, sortzaile eta antzerkigileen sare bat sortzea da, ohiko bakarkako lana eta horren ohikoa ez den talde lana uztartuz, antzerkigintzako materialak sortzeko harrobi bat eratzeko eta, horrela, antzerki konpainientzako eta sormen eszenikoarentzako erreferente bat eraikitzeko.
Ekimen honek antzerki testu berrien sormena sustatu nahi du
2026ko proiektu garailea
Enrique Monteroren Maldita valiente izan da Antzerkigintza Berrien 2026ko lan hautatua. Antzerkigintza Berriak proiektuan sortutako zortzi lanak xeheki aztertu ondoren, hala erabaki du balorazio batzordeak, bere literatura- eta antzerki-kaudimenagatik. 2026an Antzerkigintza Berriak programan parte hartu duten egileak honako hauek dira: Juan Sánchez Gómez, Ana Maestrojuan, Irati Morán Martinez, Albar Cirarda Larrañaga, Claudia Cos, Haizea Águila Mínguez, Itxaso Gil Iglesias eta Enrique Montero, bera.
Epaimahaiak honakoa nabarmendu du aukeraketan: "Proposamena nabarmentzen da bere eraikuntza dramaturgikoaren sendotasunagatik, egitura ondo artikulatua eta narrazio-erritmo eraginkorra izateagatik baita bere ahots bereziagatik eta gaiari heltzeko modu pertsonal eta zuzenagatik ere. Testua bereziki baloratzen da erregistro dramatikoen eta komikoen arteko oreka lortzeko duen gaitasunagatik; izan ere, koherentzia orokorrari eusten dio, eta tonu-aldaketek ez dute gatazka nagusiaren sakontasuna ahultzen".
Gainera, antzezlana esperientzia pertsonal batean oinarrituta egoteak benetakotasuna eta egiazkotasuna ematen dizkio istorioari, eta haren giza dimentsioa zein emozionala indartzen ditu. Zentzu horretan, gaia lantzeko erabilitako sentikortasuna azpimarratzekoa da, baita gai konplexuei zuzenean heltzeko gaitasuna ere, alderdi zailenei muzin egin gabe.
Ikuspegi guztiz teatraletik, lanak eszenaratze-potentzial handia erakusten du, bai antzezpenari begira eskaintzen dituen aukeretan, bai zuzendaritzaren eta eszenaratzearen bidez dimentsio berria hartzeko duen gaitasunean.
Azkenik, antzezlana taularatzeko bideragarritasuna positiboki baloratzen da; lau antzezlerentzat pentsatuta dagoenez, ekoizpen-baldintzek aukera ematen dute, printzipioz, baldintza egokietan garatzeko. Arrazoi horiengatik guztiengatik, Maldita Valiente da ebaluatutako ezaugarri dramaturgiko, literario eta teatralak hobekien biltzen dituen lana. Bereziki nabarmentzen da egitura-sendotasunagatik, idazketa-kalitateagatik, erregistroen arteko orekagatik, gizatasunagatik, sentikortasunagatik eta antzerki-potentzialagatik; ezaugarri horiek dira, hain zuzen, hautaketa horren oinarria."
Aurreko deialdiak
- 2026: Maldita valiente (Enrique Montero).
- 2024: Los años infinitos (Sergio Serrano).
- 2022: Rigor Mortis (Dorleta Urretabizkaia).
- 2021: ¿Quién nos disparó después del 22?¿Y ahora? (Alexandru Stanciu).
- 2020: Solo críos, críos solos (Paco Gámez).
- 2019: La celda sin noche (Galder Sacanel).
- 2018: El patio de mi casa (Maria Goiricelaya).
- 2017: Erlauntza (Kepa Errasti) / Galerna (Tamara Gutiérrez).
- 2016: Coordenadas (Olatz Gorrotxategi) / Soka (Mikel Gurrea) / Miss Karaoke (Oier Guillan).

2018ko gazteen antzerki topaketa - Aitziber Garmendia.
Gazteen Antzerki Topaketa
Donostiako Udaleko Gazteria Sailak, Donostia Kulturarekin elkarlanean, antolatzen du Gazteen Antzerki Topaketa.
Jarduera honen helburua hiriko talde ez-profesionalen (14-30 urte) sorrera sustatzea eta zabaltzea da. Horretarako, hiriko espazio eszeniko onenetako batzuk haien eskura jartzen dituzte beren lana inguru profesional batean aurkez dezaten.
Topaketak beren ekoizpen kulturalak sortzeko eta zabaltzeko prozesuan aurrera egiteko motibatzen ditu bertan parte hartzen duten gazteak, parte-hartzaile guztientzako esperientzia positiboa, atsegingarria eta hezitzailea bultzatuz, beren ahalmen sortzaile eta artistikoen elementu motibatzaile gisa jardunez.
