Web mapa
Hizkuntzak

Donostiako kultur etxeek 35. Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren balantze bikaina egin dute, bai hiritarren erantzunagatik, bai antolakuntzari dagokionez. Aurten, 2.000 lagun inguru bertaratu dira antzerkiaz, umoreaz, magiaz eta musikaz gozatzera maiatzaren 7tik 24ra.

Los Gandules
Josu Artola

Entretenitzeko eta harritzeko asmoz, amaitu berri den edizioaren programazioak antzerkia, umorea, magia, ilusionismoa, bakarrizketak eta musika izan ditu osagai nagusitzat. Gemma Martínez, Manu Badenes, Manex Astigarraga, Esti Curiel, Getari Etxegarai, Ugaitz Alegría, Alazne Etxeberria eta beste hainbat artistek tabernetan eta beste ez ohiko espazioetan ikusi ahal izan dira.

Aurten ere, bi hizkuntza ofizialen erabilera eta generoen presentzia nahiko parekatuak izatea lortu da. Guztira, 17 konpainiek 30 emanaldi egin dituzte eta horietatik erdia euskaraz izan dira. Horietatik 8 soilik emakumez osatutako taldeak izan dira, 6 gizonezkoez osatutakoak eta beste 3, berriz, mistoak. Emanaldiak hiriko 27 espaziotan egin dira. Konpainiek eskerrak eman dizkiote Donostia Kulturari eta ikuslegoari.

Era berean, antolakuntzak hiritarrei eskertu nahi die emanaldiei harrera bikaina egin izana. Poltsiko Antzerki Jaialdiak beti izan du publiko fidela eta aurten ere hainbat ikusle berriro elkar topatu dira Donostiako kultur programazioan klasikoa den ekitaldian.

Aurtengo edizioak bi greba deialdirekin kointziditu du: alde batetik, maiatzaren 14an toki administrazioko langileena eta, bestetik, maiatzaren 15ean argi eta soinu teknikariena. Hori dela eta, programatutako ekitaldi bat bertan behera geratu da eta beste hiru dataz aldatu dira; Donostia Kulturak bere ohiko hedabideetan komunikatuko ditu data berriak.

Jaialdi hau Donostiako kultur etxeen eguneroko lanaren adibide argia da. Izan ere, kultur etxeek bestelako begirada bat ematen diete hiriko kultur programei, hiritarrengandik hurbil dauden ekipamenduak baitira.

Jada zabalik da Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XVII. deialdian izena emateko. Irailaren 13a arte egongo da proiektuak aurkezteko epea.

Hona hemen 2026ko Poltsiko Antzerki jaialdiko hainbat argazki (albuma Flickr-en).