Hizkuntzak
Sidari Xake Produkzioak
Xake Produkzioak konpainiaren Sidari hogei eta hamar urteen bueltan dabilen bikote gazte baten istorioa da: "Badakigu orainak etorkizuna alda dezakeela, baina aldatu ahalko luke etorkizunak oraina?". Jone eta Jokinek interrail bidai bat egitea erabaki dute Europan zehar beraien zortzigarren urteurrena ospatzeko. Harremanari dagokionez, oso puntu ezberdinetan dago bakoitza; Jokin bere neskarekin oso gustura dagoen bitartean, Jonek zerbait gehiago falta duela sentitzen du, eta zalantza handiak dauzka ea Jokin den bere bizitzako bikotea. “Bizitzako bikotea”. Existitzen da horrelako zerbait?
Trenean igotzearekin bat, bikote edadetu oso berezi batekin topo egingo dute. Hauek ere ez daukate norabide garbirik, baina gomendio bat egingo diete; Corfu irlako Sidari herrian dagoen kanal zoragarri bat bisitatzea eta kanal hura igerian gurutzatzea. Hori egiten duten bikoteek bizitza guztirako maitasuna eskaintzen omen diote elkarri. Bidaiako momentu ezberdinetan atso agure horiekin topo egin ahala, Jone modu logiko eta arrazional batean ulertzeko oso zaila den zerbait susmatzen hasiko da; eta bikote arraro hori beraiek balira lau hamarkada geroago?
