Web mapa
Hizkuntzak
Musika Musika Jazzaldia

2024 uztailak 25 • 21:00

Trinitate plaza

50 € / 229,50 €

Potter / Mehldau / Patitucci / Gilmore + Youn Sun Nah Jazzaldia

Potter / Mehldau / Patitucci / Blake

Chris Potter (saxoa), Brad Mehldau (pianoa), John Patitucci (baxua), Johnathan Blake (bateria)

Chris Potter, bere belaunaldiko saxofonista garrantzitsuenen artean kokatua, Brad Mehldaurekin, beharbada azken 20 urteetako Jazz pianistarik gailenenarekin elkartu da laukote guztiz berri bat sortzeko, beste bi musikari handi biltzen dituena: John Patitucci kontrabaxuan eta Johnathan Blake baterian.

Izarrez osatutako laukote honek bere lehen diskoa kaleratuko du 2024ko martxoan, eta zalantzarik ez dago kontzertu bikaina eskainiko dutela 59. Jazzaldian.

Chris Potter Jazz garaikidearen ameslari bat da, saxofonista eta konpositorea, mugarik ez duen sormenaren eta inprobisatzeko aparteko gaitasunaren jabe. Bere estiloa kementsua, sofistikatua, dinamikoa eta adierazkorra da, eta Jazzik klasikoenetik hasi eta fusiorik abangoardisteneraino iristen da.

Brad Mehldau bere belaunaldiko pianista ospetsuenetako bat da. Sentiberatasuna, dotorezia, berrikuntza, sofistikazioa, indarra, Estatu Batuetako pianista bikain honen nortasun musikala definitzeko balio duten hitzak dira, ñabarduraz blaitutako musika iradokitzailea eta narratiboa sortzeko eta interpretatzeko gai dena.

John Patitucci konpositore eta interpreteak Jazzaren maisuekin kolaboratu du, tartean Chick Corea, Herbie Hancock, Wayne Shorter, Stan Getz, Pat Metheny, Wynton Marsalis, Joshua Redman, McCoy Tyner, Freddie Hubbard… Eta pop musikaren izarrekin, haien artean Sting, Aaron Neville, Natalie Cole, Joni Mitchell, Carole King, Milton Nascimento eta Joao Gilberto. Baita konpositore handiekin ere, besteak beste Henry Mancini, John Williams, Jerry Goldsmith, Ry Cooder…

6 hariko baxu elektrikoaren eta kontrabaxuaren birtuosoa, Patitucci eredu bat da bere hizkuntza konplexu, bere moldakortasun, doitasun tekniko eta soinu bereizgarriagatik miresten duten baxu ugarirentzat.

Youn Sun Nah

Youn Sun Nah (voz), Eric Legnini (pianoa, teklatuak), Tony Paeleman (piano, teklatuak)

Youn Sun Nahren ahotsa hunkigarria da, ñabardura, tinbre eta kolorez betea, bere sustrai korearrak eta eragin musikal askotarikoak direla eta. Ezaugarri horiei esker ugariak dira adierazten dituen emozioak, eta abeslari berezi bihurtzen dute, beste abeslari batzuekin nekez konpara daitekeena. Abeslari korearra inprobisatzaile aparta da eta hainbat hizkuntzatan ─koreera, ingelesa, gaztelania, portugesa eta frantsesa─ abesteagatik ere bereizten da.

Youn Sun Nah 1969ko abuztuaren 28an jaio zen, Seulen, ahotsa eta musika maite dituen familia batean. Aita koru zuzendaria zen eta ama abeslaria. 23 urterekin hasi zuen bere ibilbidea musikan, Koreako Orkestra Sinfonikoarekin. Ondoren, Koreako musikaletan parte hartu zuen, eta hainbat sari jaso zituen haiengatik. Frantziako kultura eta kanta maite ditu; hala, 1995eko udazkenean Parisera bidaiatu eta bertan ezartzea erabaki zuen Jazza eta kanta frantsesa ikastera. Izan ere, musika estilo honekiko joera berezkoa duela ezagun du 1996-1997an Parisko klubetan abesten hasi zenetik. Harrezkero, etengabe aritu da lanean eta arrakastak biltzen; dozena bat disko grabatu ditu, sari ugari jaso ditu eta mundu osoko jaialdi eta agertoki onenetan aritu da.

Jazzaldiaren 59. edizioan Youn Sun Nahek Elles diskoa aurkeztuko du, 2024ko urtarrilaren 26an argitaratuko dena. Aspalditik nabarmentzen da estilo anitzak jorratzeko eta era askotako artisten abestiak, tartean Tom Waits, Jimi Hendrix, Marvin Gaye edo Metallicarenak, interpretatzeko duen gaitasunagatik. Eta, oraingoan, Ellesen, Youn Sun Nahek bere ibilbidea markatu duten emakumeen ahotsak omentzen dituzten bertsio sorta bat eskaintzen digu: Nina Simonetik hasi eta Roberta Flackeraino, Björk, Maria João, Sarah Vaughan, Grace Jones edo Edith Piaf tartean.

Jon Cowherden lan sotil eta sormen handikoak babestua, Youn Sun Nahek xarmaz berrasmatzen ditu estandar zaharrak eta berriak, musikaren garai eta mugetatik harantz generoak zeharkatuz.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...