Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Saskigintza, Aste Santuko eskaintza bereziaren ardatza

Museoko bildumako saski baten xehetasuna

Asteazkena, 2021(e)ko Martxoa(r)en 24-(e)an

San Telmo Museoak saskigintzaren inguruko jarduera bereziak eskainiko ditu Aste Santuko oporraldian.

Saskigintzaren inguruko erakusketa txiki bat, Iñaki Agirrezabala eta Lourdes Etxaniz artisauen eskutik egingo diren tailerrak eta erakustaldiak, Gordailura bisitak eta hitzaldi bat programatu dira martxoaren 26tik apirilaren 11ra museoan, Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak egitasmoaren barruan. Programa hau 2018an hasi zen, eta aurreko edizioetan lihoa eta artzaintza eta gaztaren elaborazioa izan dira gai nagusiak. Erakusketa iraunkorrarekin lotura izaten du beti, eta Aste Santuko oporretarako programazio espezifiko gisa proposatzen da. Aurten, gainera, Gordailuak eta San Telmo Museoak ondarearen alde elkarrekin lanean diharduten 10 urteak ospatzeko antolatu diren jardueren artean dago.

Garrantzi handia izan zuen saskigintzak mendeetan zehar; izan ere, ekoizten zituzten materialak, mota askotakoak, premia handiko produktuak ziren beste jarduera ekonomiko asko egiteko. Eremu guztietan -landa, arrantza, meatzaritza, industria, merkataritza eta etxe eremuetan– erabiltzen ziren landare zuntzen bidez egindako ontziak eta piezak. Elikagaiak garraiatzeko edo kontserbatzeko tresnak ziren, eta ez zitzaien garrantzi berezirik ematen. Materia organikoz eginda zeudenez, hondatu eta bota egiten ziren erabilgarriak izateari uzten ziotenean. Hala ere, gaurdaino iritsi diren aleak iraganeko garaiez hitz egiten diguten testigantza materialak dira. San Telmo Museoak material, forma eta funtzio ezberdineko saski bilduma garrantzitsua du bere funtsetan.

Aurtengo egitaraua aurrera eramateko Matxinbenta auzoko (Azpeitia, Beasain) Iñaki Agirrezabalak eta Lourdes Etxanizek parte hartuko dute museoan. Familia saga baten jarraitzaileak dira, eta gaur egun saskigintzari lotutako lanbidea eta ezagutzak gordetzen dituzten artisau urrien artean daude.

Martxoaren 26tik apirilaren 11ra bitartean, beraz, hainbat jarduera antolatu dira. Programazio osoa, hemen.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu