Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Txokolate-ontzian zentratuko da 2021ko HAU diseinu lehiaketa

Osteguna, 2021(e)ko Otsaila(r)en 25-(e)an

Laugarren ediziora iritsi da HAU. Euskal Herriko objektu tradizionalaren lehiaketa eta txokolate-ontzia izan da aurtengo objektua, eta apirilaren 26ra arte egongo da zabalik proiektuak aurkezteko epea. Lehiaketa diseinuaren alorrean diharduten ikasleei, profesionalei edo kolektiboei zuzenduta dago (industria- eta produktu-diseinua, arkitektura, ingeniaritzak, arte ederrak, etab.).

Bitamine Faktoriak, mugaz gaindiko sormen eta kultura-ekoizpen lantegiak, San Telmo Museoaren, Mondragon Unibertsitatearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen, Ibili enpresaren eta Rafa Gorrotxategi txokolategilearen laguntzarekin antolatu duen lehiaketa honek euskal kulturako objektu tradizionalak gaurkotzea du helburu. Diseinu garaikidearen begiradatik egokitu, berritu eta berrinterpretatzea eskatzen zaie parte-hartzaileei, gure historiarekin lotura berriak sortu eta diseinu alorrean ikerketa ildo berriak zabaltzeko.

E-003275Aurreko edizioetan taloaskea, kutxa eta zizeilua izan ziren aukeratutako objektuak, eta aurtengo edizioan txokolate-ontzia da. Txokolatea prestatzeko erabiltzen zen sukaldeko tresna bat da, bular formako ontzi bat, behealdean sabela duena eta ahoaren aldean berriz lisoa dena. Eusteko kirten bat du. Goikaldeko estalkiak erdian zulo bat du, zurezko irabiagailua sartzeko. Pieza hau barra luze bat da, estalkiaren irekiduratik irteten dena, bi aldeetara bira egin dezan, bi eskuekin eusteko eta mugitzeko. Barra horrek behealdean zilindro ildaskatu bat du. Zilindro horrek, bi aldeetara biratzean, uretan edo esnetan murgildutako txokolatezko ontzak zanpatzen ditu, nahasketa desegin eta loditu arte. Piezetako batzuk idulki baten edo hanka txiki batzuen gainean finkatuta zeuden.

Epaimahaia diseinuko eta euskal etnografiako alorretako aditu hauek osatuta egongo da: Fermín Leizaola Calvo (Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaria); Elisabeth Urrutia Bea (industria-diseinuko irakaslea eta ikerlaria Mondragon Unibertsitatean); Agurtzane Garai Ibarluzea (San Telmo Museoko jarduera eta proiektu arduraduna); Ibili Menaje enpresako diseinu-taldea; Rafa Gorrotxategi, txokolategile eta gozogilea; eta Bitamine Faktoriako lantaldeko kide bat.

Ekainean proiektu sarituaz eta diseinu nabarmenez osatutako erakusketa San Telmo Museoan antolatuko da.

Xehetasunak eta izen-ematea

Lehiaketaren oinarriak

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu