Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea irekita

Osteguna, 2021(e)ko Otsaila(r)en 18-(e)an

Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 90 bat gaztek osatuko dute. Aurten, COVID 19ak eragindako mugak direla-eta, epaimahaikide gutxiago izango dira. Apirilaren 23 eta 30 bitartean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioaren baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman behar da. Epea martxoaren 31ra arte irekita dago. Hurrengo egunean, hau da, apirilaren 1ean izena eman duten guztien artean zozketa egingo da, eta emaitza zinemaldiko webgunean ezagutu ahal izango da.

Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.

Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Antzoki Zaharrera joan beharko dute apirilaren 22an, arratsaldez, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 18:30etako saioen %80ra joan beharko dira.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira; besteak beste, solasaldiak eta erakusketak.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak antolatzen du Giza Eskubideen Bulegoaren eta Donostia Kulturaren bitartez. Helburutzat du giza eskubideen inguruan kontzientzia kritikoa bultzatzea; bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean, elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko.

Oinarriak eta izenematea

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu