Astelehena, 2020(e)ko Abendua(r)en 21-(e)an
Nosferatu ziklo berria Aragoiko zinemagileari eskainita egongo da, haren jaiotzaren 120. urteurrenean: hark zuzendu zituen 32 filmak proiektatuko dira eta Buñuel + Plus programak eskaintza osatuko du 13 saiorekin. Saio horietan Buñuelen bizitzarekin eta lanarekin lotura duten 18 titulu proiektatuko dituzte.
Tabakalerak 2021erako zinema-denboraldi berria aurkeztu du. Zentroko pantaila partekatuan programatzen duten erakundeek (Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia, Donostia Kultura, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera) urtarrilean emango diote hasiera denboraldi berriari. Berriro ere, bazkideak batzean oinarritutako programa horren izaera berezia azpimarratu nahi dugu. Bertan, historia eta klasikoak naturaltasun osoz eta zinema garaikidearekin etengabeko elkarrizketan bizi dira. Eta berretsi egiten dugu prestakuntzarekin, ikerketarekin eta zinema egiteko prozesuei eta ikus-entzunezko hizkuntzaren iraganari eta etorkizunari buruzko hausnarketarekin dugun konpromisoa. Era berean, publikoak aretoarekin duen leialtasuna azpimarratu eta eskertu nahi dugu; izan ere, COVID-19ak eragindako murrizketen garai honetan ere, herritarren erantzuna gogotsua izan da, eta Tabakalerako zinema kulturarekin topatzeko gune seguru bihurtu dute.
Urtarrilaren 6an, asteazkenean, Nosferatu zikloa hasiko da Tabakaleran. 2021ean Luis Buñuel (Calanda, Teruel, 1900 – Mexiko Hiria, 1983) zinemagile espainiarrari eskainita egongo da, bere lehen bi filmak proiektatuko dira: Un chien andalou (1929) eta L' Âge d'or (1930).
Sarrerak 2020ko abenduaren 28ko eguerdiko 12:00etatik aurrera izango dira salgai, bai Tabakaleraren webgunean, bai zentroko Informazio-gunean.
2021eko zinema-bonua eta zinemari buruzko hiruhilekoko buletin-aldizkaria
Zinema-bonu berriari esker, 100 euroren truke 40 film ikusteko aukera izango da 2021ean Tabakaleraren pantaila partekatua duten gizarte-erakundeek programatutako film guztien artetik: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera.
Bonua erosiz gero, 2021eko Nosferatu zikloaren gaztelaniazko argitalpena ere eskuratuko da, Luis Buñuel zinemagileari buruzkoa. Otsailean izango da eskuragarri.
Bonua 2020ko abenduaren 28ko eguerdiko 12:00etatik aurrera izango da salgai 2021eko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte, bai Tabakaleraren webgunean, bai zentroko Informazio-gunean.
Bonua 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra (biak barne) kontsumitu ahal izango da, eta bonuarekin lotutako kudeaketa guztiak Tabakaleraren webgunean zein zentroko informazio-gunean egin ahal izango dira: bonua erosi, beste pertsona bati opari bidali, bonuaren deskontuarekin filmetarako sarrerak eskuratu edo saldo erabilgarria kontsultatu.
2021eko zinema-bonuarekin lotutako informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsulta daiteke.
Datorren urteko beste berritasun bat pantaila partekatuari buruzko hiruhilekoko zinema-buletin berria argitaratzea izango da datorren astean. Hain zuzen, argitalpen horrek pandemiaren aurretik egiten zen paperezko zabalgarria ordezkatuko du. Euskarri digital berriak material esklusiboa izango du (elkarrizketak, podcastak eta bideoak), Tabakalerako zinema-areto barruan eta kanpoan gertatzen den guztiaren edukiari balioa emateko. Buletinaren lehen alean Patric Chiharen zikloaren aurkezpenaz eta Luis López Carrasco eta María Álvarez zinemagileei eginiko elkarrizketez gozatzeko abagunean izango da, besteak beste.
Buletinera harpidetza egin daiteke dagoeneko hemen.
Informazio gehiago: Buñuel
Argazkia: © Luis Buñuel Film Institute
Donostia Kultura 2021 © copyright
Bazkidea zara baina oraindik pasahitzik ez daukazu? Erregistratu orain eta zure esku izango dituzu web eduki eta zerbitzuak: buletinak, sarreren zozketak ... Bi minutu besterik ez dira izango!
ErregistratuDonostia Kultura bazkide txartela eskatu. Txartelarekin deskontuak, abantailak, eskaintza esklusiboak eta askoz gehiago eskuratuko duzu. Zure eskaerak automatikoki erregistratzen zaitu gure webgunean.
Eskatu orain zure txartelaDeskontuak eta bestelako abantailak izateko, hasi saioa Donostia Kulturako bazkide gisa.
Saioa hasi bazkide gisa