Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Museoak Zumetaren zeramika lan bat zaharberritu du Gros auzoan

Ostirala, 2020(e)ko Abendua(r)en 18-(e)an

San Telmo Museoak iturri bat apaintzen duen Zumetaren zeramika lan bat zaharberritu du Gros auzoan. Iturria, 1989. urtekoa, Rodil eta Indianoene kaleen artean dago kokatua eta oso egoera txarrean zegoen.

San Telmo Museoak José Luis Zumeta artistak 1989an egindako zeramika-iturri bat zaharberritu du, oso kontserbazio-egoera tamalgarrian zegoena. Iturria Indianoene eta Rodil kaleak lotzen dituen plazatxoan dago, eta José Ignacio Zuriarrain udaleko arkitektoetako batek artistari egindako enkargua izan zen. 106 cm x 190 cm-ko neurriak ditu eta tamaina eta forma ezberdineko terrakota esmaltatu eta polikromatuzko azulejoz osatuta dago.

Obra Hiriko Atlas eskultorikoan agertzen da, San Telmo Museoak egina eta bere webgunean kontsulta daitekeena. Zumetaren obraren egoera txarra uda honetan udaletxeko postontzian jasotako idazki baten ondorioz egiaztatu zen. Lehen azterketa bisual baten ondoren, ikusi zen azalera osoa estaltzen zutela pintura plastikoko graffitiek, eta Zumetaren lana ezkutatzeaz gain, falta eta degradazio garrantzitsuak ere ezkutatzen zituztela.

Ondarea suntsitzeko eta galtzeko arriskua zegoela ikusita, Regina Gómez Cruzado eta Ruth Coloma espezialistei kontserbazio-txostena egiteko eskatu zien museoak. Ikerketak materia eta esmalte akats ugari agerian utzi zituen, baita lauza batzuen tindaketa handia oxido bidez, azaleko kare-estaldura, eraso biologikoa eta landaretza ere, eta horri masa, zementu eta birpinturen hondarrak gehitzen zaizkio.

Gómez Cruzadok eta Colomak, San Telmo Museoaren enkarguz, iturria zaharberritzeari ekin zioten. Hilabetez lanean aritu ondoren, garbiketa lanak amaitu berri dituzte, graffitiak kenduz, sendotuz eta bolumen-itzulketak eginez eta obraren berrintegrazio kromatikoa eginez. Lanaren egiletza nabarmentzeko, hala adierazten duen plaka bat jarriko da ere.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu