Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

75 euskarazko kultur ekitaldi Donostian Euskaraldian

Euskaraldia

Asteartea, 2020(e)ko Azaroa(r)en 17-(e)an

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, 75 bat euskarazko kultur ekitaldi antolatuko dira Donostiako auzo gehienetan, Udaleko Euskara Zerbitzuak, Bagera elkarteak eta auzoetako euskara batzordeek lankidetzan antolatuta, Donostia Kulturaren laguntzarekin.

Euskaraldiak irauten duen bitartean euskarazko kultur eskaintza areagotzea da asmoa. Jon Insausti, Kultura eta Euskara zinegotziaren esanetan, “Donostiak apustu sendoa egin du kultur eskaintzari eusteko urte osoan, baita pandemia garaian ere. Sasoi honetan euskarazko kultur eskaintzari garrantzi handia eman diogu eta hori areagotu egingo da Euskaraldian”.

Euskarazko kultura kontsumitzeko aukera ezin hobea

Covid-a eragin nabarmena izaten ari da donostiarren eguneroko bizimoduan eta aisialdian. Etxetik kanpo aurrera eraman daitezkeen ekintzak gutxi dira eta kultur ekimenak dira salbuespena. Alde horretatik, Bagerako ordezkari Maddi Juanikorenak adierazi duenez, “une aproposa da hirian dagoen euskarazko kultur eskaintza kontuan hartu eta kontsumitzeko. Jendea animatu nahi dugu bertso saioetara, antzerkira, zinemara edota kontzertuetara joan dadin. Gune seguruak dira, legeak agintzen dituen osasun neurri guztiak hartuko baitira, eta aukera ezin hobea izango du jendeak gure kultura dastatzeko”.

Aurtengo egoeran ez da erraza izan ekintzak antolatu eta aurrera eramatea, zaitasunak biderkatu egin dira eta. Alde horretatik, euskarako zinegotziak nabarmendu nahi izan du auzoetako euskara batzordeek egin duten eta egiten ari diren lana. “14 auzotan 75 kultur ekintza antolatuko dira datozen egunetan. Euskaraldiaren sustapena egiteko lan eskerga egin dute ehunka pertsonek musu truk, bilerak antolatuz, informazioa zabalduz eta jendearen ilusioa piztuz”. Ekitaldi horiek guztiak jasota daude Donostia Euskaraz webgunean eta horietako batzuk, gainera, streaming bidez emango dira Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren youtube kanalean.

Informazio gehiago: Euskaraldiak iraun bitartean, 75 euskarazko kultur ekitaldi eskainiko dira Donostian

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu