Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Altzako XX. Bertso Aroa irailaren amaieratik aurten

Gorria, Miren Amuriza + Askoa Etxebarrieta

Astelehena, 2020(e)ko Iraila(r)en 07-(e)an

Altzania Kultur Elkartea, Altzako bertsozaleak, Bizarrain eta Donostia Kulturak osatu dute jada irailaren 25etik urriaren 3ra egingo den Altzako XX. Bertso Aroa. Urriaren 3ko sarrerak jada salgai, baita gainerako ekitaldietarako izena emateko epea ere Casares Kultur Etxean: telefonoz (943 351149) zein posta elektronikoz (casareskulturetxea@donostia.eus).

Hilaren 25ean Erradikalak ginen antzezlana taularatuko du Ane Labaka eta Beatriz Egizabal bikoteak. Emanaldia iluntzeko 20:00etan hasiko da Tomasene Kultur Etxean.

Irailaren 26an, berriz, 6-12 urte bitarteko haurrentzako jarduera bat aurreikusi dugu: Bertso jasa, bat bateko jolasa. Publikoaren parte hartzea behar-beharrezkoa izango da arratsaldeko 18:00etan Larratxo Kultur Etxean hasiko den ekitaldian.

Iraileko azken igandean, hilaren 27an, Plaza Gorrian egingo da bertso jaialdia eta oholtza gainean laukote hau arituko da: Aitor Sarriegi, Maider Arregi, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga. Gai-jartzaile lanetan Gorka Segurola. Saioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da. Saioaren amaieran Bertso Paper lehiaketaren sari banaketa izango da. Eguraldiak laguntzen ez badu, ekitaldia Larratxo Kultur Etxean egingo litzateke.

Amaitzeko, urriaren 3rako programatu dugu Miren Amuriza bertsolaria eta Askoa Etxebarrieta La Pulga dantzariaren Gorria ikuskizuna, bertsoa eta flamenkoa uztartzen dituena. Larratxo Kultur Etxean izango da, iluntzeko 20:00etan. Sarrerek 5 euro balio dute eta gure kanaletan daude salgai jada, online eta leihatila fisikoetan.

Babes eta higiene neurriak

COVID 19aren harira ezarritako osasun eta higiene arauak uneoro errespetatu beharko dira, eta antolakuntzak hiritarren laguntza eskatuko du bertaratutakoen esperientzia onena ziurtatzeko. Hona hemen aintzat hartzeko hainbat kontu:

  • Garaiz iristea gomendatzen da, eserlekuetara ahalik eta erosoen iristeko. Ilaran itxaroten den bitartean segurtasun distantzia mantendu beharko da.
  • Bertso jaialdia aire zabalean izango da, esparru mugatu batean, sarrera kontrolatuarekin eta edukiera mugatuarekin.
  • Helbide elektronikoa edo telefonoa eskatuko dira, bertaratutakoen erregistroa izateko.
  • Eserlekuak zenbakituak izango dira eta iritsiera-ordenan esleituko dira.
  • Ezingo da zutik egon.
  • Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da 6 urtetik aurrera. Sarreran gel hidroalkoholikoa erabilgarri izango da.
  • Familia edo tutoreak arduratuko dira adingabeek segurtasun-arau guztiak betetzeaz. Bete ezean, esparrutik atera egin beharko dira.
  • Irteera mailaka egingo da, antolatzaileen argibideei jarraituz.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu