Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

San Telmok "Postigo. Garai baten kronika" aurkeztu du, fotokazetariaren lanaren hautaketa

Osteguna, 2020(e)ko Uztaila(r)en 30-(e)an

San Telmo Museoko Laborategian 2020ko uztailaren 30etik azaroaren 1era doan bisitatu ahal izango den erakusketa honen jatorria Fernando Postigo Argazki Bilduma da, egileak 2016an museoari dohaintzan eman ziona.

Bilduma zuri-beltzean eta koloretan egindako 55.000 irudi inguruk osatzen dute, 1977 eta 2003 urteen artean fotokazetari gisa egindako lanaren emaitza, lehenik La Voz de Españan eta, denbora gehienez, El Diario Vasco egunkarian. Ondo islatzen du trantsizio garaiko urteak nahasiak izan zirela, batez ere esparru sozial eta politikoan, manifestazio, greba, istilu, atentatu eta abarren irudi ugarirekin. Hala ere, kulturak, kirolak edo eguneroko bizitzak ere badu protagonismoa Postigoren lanean. Argazki gehienak Donostian eta Gipuzkoan daude eginak, nahiz eta erretratatutako gertaera batzuen garrantzi historikoa dela eta, irudiek muga horiek gainditzen dituzten. Horrela, Fernando Postigo bilduma tresna baliotsua da euskal gizarteak trantsiziotik XXI. mendearen lehen urteetaraino izandako aldaketak ezagutzeko.

Erakusketarako, Elisa Querejeta Casares komisarioak, Fernando Postigok berak lagunduta, 240 bat irudi aukeratu ditu, 1977tik 2001era bitarteko urteetakoak, Postigok hainbat gairi buruz egindako erreportajeetan oinarrituta, neurri handi batean. Asko dira fotokazetariaren irudietan hamarkada hauetan agertzen diren gaiak, eta erakusketan irudi hauen aukeraketa bat azaltzen da positibatuta. Kronologiak erakusten du indarkeriarekin eta politikariekin lotutako gaiek gero eta pisu gutxiago dutela, eta kulturak eta harekin lotutako pertsonaiek leku gehiago hartzen dutela. Era berean, 90eko hamarkadan irudiek zuri-beltza atzean utzi zuten kolorea gehitzeko, azken urteetan zuri-beltza desagertu zen arte.

Azkenik, erakusketak atal pertsonalago bat du. Bertan, Fernando Postigok bere bildumako 40 diapositiba inguru aukeratu ditu, batez ere urteen poderioz aldatzen joan diren hiriko paisaiak eta txokoak biltzen dituztenak. Argazkilariak askatasun eta lirismo handiagoz hartu ditu irudiak.

Zeharkako begiradak bisita gidatuak

Hainbat protagonistek erakusketa honen inguruko begirada berezia eskainiko dute bisita berezi hauetan. Guztiak ostegunetan izango dira, 18:00etan hasiko dira eta doan izango dira, aurrez izena emanda.

Izen-emateak: stm_erreserbak@donostia.eus / 943 481 561 (astelehenetik ostiralera: 12: 00-14: 00)


Katalogoa

Erakusketaren harira, museoak katalogo bat argitaratu du, museoaren bilduma-lerroaren parte dena, eta bertan Fernando Postigo, Elisa Querejeta, Miguel Larrea, Jessica Postigo, Felipe Juaristi eta Jesus Uriarteren testuak daude.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu