Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

XXXII. Bideoaldia: Larrotxene Bideoko ekoizpenak Antzoki Zaharrean ekainaren 25ean

Bideoaldia

Astelehena, 2020(e)ko Ekaina(r)en 22-(e)an

Larrotxene Kultur Etxeak, Donostia Kulturako guneak, Bideoaldia erabili izan du urtez urte zine eta bideo ikastaroetako emaitzak jendaurrean ezagutarazteko (aurtengoa 32. edizioa da). Hainbat lan ikusteko aukera izango dugu Antzoki Zaharrean ekainaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak antzokiko leihatilan (11.30-13:30 / 17:00-20:00) jasotzeko aukera dago ekainaren 18tik. Pertsona bakoitzeko gehienez 4 gonbidapen ahalko dira eskuratu.

Ekitaldiak edukiera mugatua izango du eta bertaratzen diren guztien segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren osasun-neurri guztiekin egingo da. Gainera, aurtengo edizioan aurkezle birtualak izango ditugu eta Larrotxeneko irakasleek bideo bitartez hartuko dute parte, batzuei ezinezkoa izango baitzaie bertaratzea.

COVID-19ak eragindako krisiak ikasturteko ohiko martxa eta produkzioarengan ondorioak izan dituen arren, Larrotxene Bideoren jarduera ez da gelditu.

Bertan, Larrotxenen ikasturtean zehar landu diren hainbat generotako produkzioen aukeraketa ikusteko parada izango dugu:

Michel Gaztambideren Gidoigintza Aurreratua ikastaroan iaz landutako hiru gidoien filmaketak aurten burutu dira eta ikusgai izango ditugu XXXII. Bideoaldian. LIMPIEZA AUTOMÁTICA, ¿POR QUÉ TENGO QUE DORMIR ASÍ? eta LA FUSIÓN hain zuzen ere.

Tamalez, Andoni de Carlosek irakasten duen Gidoigintza Hastapena ikastaroan RITA izeneko gidoia landu zuten baina alarma egoera eta konfinamenduaren ondorioz ezin izan zen gauzatu. Ikasturte honetako aparteko inguruabarrak direla eta, osatu ezin izan den lan bakarra izan da.

Pablo Maloren ikasleek ZORIONAK AMONA! zuzendu dute Zine zuzendaritza ikastaroaren barruan.

Ander Iriartek Fikzio Zuzendaritza ikastaroa eskaini du aurten eta ikastaro horretan jardundako ikasleek zuzendutako ANIMAL LOVERS film laburra ikusgai izango dugu.

Bestalde, Oskar Tejedorrek gidatutako Dokumentalgintza ikastaroan landutako SANTI 17 eta EMPATÍA film laburrak ikusteko aukera izango dugu.

Elkarlanak

Elkarlanean jarraitzen dugu hiriko hainbat erakunde eta eragilerekin. Aurtengo kolaboratzaile nagusia Musikene, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegia izan da eta elkarlanerako sinatutako hitzarmena erabat onuragarria da bi aldeentzat. Larrotxeneko ikasleek Musikenen egiten diren masterrak sustatzeko hainbat ikus-entzunezko pieza egin dituzte eta Musikeneko ikasleek Larrotxenen egindako 3 film laburren soinu bandetan egin dute lan.

Era berean, Larrotxeneko ikasle talde bat Nitik harago, baietz 11 Intxaurrondon! ekimenarekin elkarlanean aritu da, 2019ko Euskaraldiaren esperientzia berrian egindako jarduerak bideoan dokumentatuz.

Oihua! Egitasmoa

María Fontán Zerua hautsi zen gaua film labur proiektuarekin izan da Oihua! sorkuntza lehiaketaren irabazlea. Oihua! Donostia Kulturak, San Sebastián-Gipuzkoa Film Commissionek eta Gazteak bultzatutako ekimena da, euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin sortua.

Martxotik aurrera gidoi irabazlearen aurre-ekoizpena eta ekoizpena landu dira, Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta Paul Urkijo zuzendariaren aholkularitzarekin. Larrotxene bideoko ikasle eta irakasleek, eta ikus-entzunezko hainbat gazte profesionalek osatu dute lantaldea, guztira 25 pertsona parte hartuz elkarlan prozesuan. Film laburra ekainaren bukaeran filmatuko da; zehazki, ekainaren 29tik uztailaren 1era. Oiartzunen egingo da filmatzea eta postprodukzioa udan zehar burutuko da.

#DKEtxean eta #DKON!

Konfinamendua dela eta, Larrotxene Bideok eduki digitalak landu ditu. Ikasturte honetan, Larrotxene Bideok Kontakizun Digitalen Kultura izeneko Medialab egitasmoa abian jarri du, eduki digitalen sormena sustatzeko helburuarekin. Laborategiaren testuinguruan egindako hausnarketaren fruitu izan dira sortutako edukiak:

Adobe After Effects tutorialak: Interfazetik hasita, komunitateari software hau nola erabili erakutsi zaio. Ikastaro hau aurretik prestaturiko bideo-piezetan eta ariketak zuzentzeko eta ikusleriaren galderei erantzunak emateko zuzeneko emanaldietan oinarritu da.

Transmediazine. Narrazio digitalekin zerikusia duten gaien inguruko mikro-magazina. Bideo-jokoak, ARG-ak, ziberliteratura, murgiltze antzerkia eta zinema interaktiboa izan dira jorratu diren gaiak, adibide konkretu eta berritzaileetan oinarrituz.

Larroetxean zuzenekoak. Formatu honek Larrotxene Bideok sustatuko film laburrak bultzatzea eta zentroaren inguruko komunitatea mantendu eta zabaltzea izan ditu helburu. Twitch plataforma erabili da Larrotxeneko hainbat film labur zuzenean emateko eta emanaldi bakoitzaren ondoren, egileekin mahai inguru laburra egin da.

Zuzeneko emanaldi hauen barruan Michel Gaztambideren mintegiak antolatu dira Otra manera de analizar un cortometraje izenburupean.

2019-2020

Larrotxene Bideoren materiala mailegatzeko zerbitzuak markak hausten jarraitzen du. 2019-2020 ikasturtean 74 aldiz laga da materiala mota guztietako ikus-entzunezko ekoizpenak laguntzeko, bai ikastaroetatik datozenak, bai ekimen partikularretatik datozenak.

Larrotxenek etorkizunari baikor begiratzen dio. Urtez urte, Larrotxene Bideok hirian eta ikus-entzunezkoen munduan duen erreferentzia izaerak sendo jarraitzen du sorkuntza, erakusketa eta prestakuntza ardatz nagusi dituelarik.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu