Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

San Telmok Koldobika Jauregi eta Susana Cencilloren zuzeneko sormen jarduera batekin ospatuko du berrirekitzea

Astelehena, 2020(e)ko Ekaina(r)en 01-(e)an

San Telmo Museoak ateak irekiko ditu berriz ere ekainaren 2an, asteartean, 10:00etan. Astearteetan egin ohi den bezala, sarrera doakoa izango da, eta berrirekiera ospatzeko, 11:00etatik 12:00etara, klaustroan, SK efimeroak-ekin, Koldobika Jauregi eta Susana Cencillorekin, sorkuntza jarduera bat programatu da, musika eta plastika uztartuz.

Ordubetez, Koldobika Jauregi artistak 5, 2 x 3,4 metroko triptiko sinboliko bat sortuko du zuzenean, ehunezko elementuekin. Triptikoak San Telmoko suari buruzko erreferentziak ere izango ditu. Bien bitartean, Susana Cencillo soinujolea Koldobika Jauregirekin arituko da, atmosfera eta egitura ezberdinak sortuz, instrumentuaren soinu baliabide ezberdinak aztertuz, oraingoan, San Telmo Museoko klaustroaren sonoritate konkretuan pentsatuz. Euskal doinuak oinarri hartuta, Aita Donostiaren preludio batzuk bezala, edo erritmo jakin batzuk azpimarratuz, hala nola zortzikoa, obraren amaierara arte eramanez. Azken batean, ekintza artistikoa sonorizatuz, eskultorearekin komunikatuz.

Horrela deskribatzen dituzte SK efimeroak beren sormen ekintzak: "Hari narratiboa ikuskizunean zehar egiten den grafikoa da, ikusizko euskarri batekin, elementu guztiak elkarlotuz; gure ekintzetan pentsamenduaren kultura bat sortzen da, sakonki begiratzera, sakon pentsatzera, interpretazioak egitera, perspektibak aintzat hartzera, konektatzera, konplexutasuna aurkitzera eta ondorioak ateratzera gonbidatzen duten egoerak. Testuinguru soziala, giroa, historia eta ideiak uztartu egiten dira, sormena eta pentsamendua sustatzeko probokazio ezin hobea bihurtuz. "

Gainerakoan, museoak aurreratu bezala, ohiko ordutegia mantenduko da. Astearteez gain, sarrera doakoa izango da igande arratsaldeetan ere, sarrera errazteko eta astearteetan kontzentrazioak murrizteko.

Ikusi hemen irekieraren harira museoak hartutako neurriak eta eskainiko duen edukia.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu