Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Nicolás Lekuonaren fotomuntaketa iradokitzailea da aste honetako #STMKuttuna

Titulu gabe, 1935. N. Lekuonaren fotomuntaketa

Asteartea, 2020(e)ko Maiatza(r)en 05-(e)an

Aste honetako #STMKuttunak sailerako Nicolás Lekuonaren Titulu gabe lana aukeratu dugu, 1935ean sortutako fotomuntaketa. Lekuona 1913an jaio eta 1937an hil zen. Bizitza laburra izan zuen, beraz, baina oparoa eta oso interesgarria da bere sorkuntza lana, nagusiki lau urtetan zehar garatu zuena. Oso gaztetandik erakutsi zuen artista honek sorkuntzarekiko interesa eta grina. Bere garaiko abangoardiako mugimenduak jarraitzen zituen eta beste sortzaileekin ere harremanetan zegoen.

Aukeratutako fotomuntaketa euskal artearen aretoan dago kokatua San Telmo Museoko erakusketa iraunkorrean, eta egilearen sorkuntzan fotomuntaketak eta collageak duten garrantziaren adierazle da. Second Canvas San Telmo Museoa app-an hiper erresoluzioan ikusi ahal izateko aukeratutako piezetako bat da ere. Lan honetan makinari eta mugimenduari buruzko erreferentzia azaltzen da alde batetik, buruz behera dagoen eraikinaren bitartez, eta, bestetik, emakumeen sekuentzia ia zinematografikoaren bitartez. Era berean, emakumeak etengabe azalduko dira bere pintura eta argazki konposizioetan, beste hainbat elementurekin batera: irudikapen arkitektonikoak, marrazkiak, pinturak, collagea, kartelak, argazkiak, poesia...

Askotan, bere fotomuntaketek garaiko zinema-eszenografiak ekartzen dituzte gogora; kasu askotan irreala, ametsen mundutik hurbil dagoena. Hori da bere lanaren alderdi interesgarrienetako bat, ez soilik bere edertasun surrealistarengatik, baita bere konposizio abangoardistengatik ere.

Collagea lantzen du Rebeka Elizegi artista eta diseinatzaile grafikoak eta bideo honetan Lekuonari, bere obrari eta lan honi buruzko azalpenak ematen dizkigu.

 

Lekuona, familian

Familian ere, irudimena martxan jartzea proposatu nahi dizuegu lan honek iradokitzen dizuenarekin etxean sortzaile izateko.

#STMKuttunak ekimeneko pieza gehiago

San Telmo Museoak, ekimen honen bidez, bere erakusketa iraunkorra ezagutaraztea du helburu, pieza aipagarriak nabarmenduz. Horretarako piezen inguruko azalpenak eta eduki osagarria dakartza astero museora. Ikusi hemen #STMKuttunak ekimeneko piezak.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu