Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

#DKEtxean agenda: maiatzaren 3ra bitarteko edukiak

#DKEtxean

Astelehena, 2020(e)ko Apirila(r)en 27-(e)an

Ezin bestela izan: Dantzaren Nazioarteko Eguna eta Jazzaren Nazioarteko Eguna ospatuz, bi diziplinek Donostia Kulturaren programazio birtuala (#DKEtxean) markatuko dute aste honetan zehar. Eta bereziki apirilaren 29an eta 30ean egingo dute hurrenez hurren, bi ospakizunak betetzen direnean.

Hauxe da aste honetako parrilla, apirilaren 27tik maiatzaren 3ra bitartekoa.

Antzokian Etxean programan, Paul San Martin, Jazzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko propio sortutako lana, DK Etxean eskaintzan sartuko da. Ondoren: Amagoia Lauzirika ("Amatxomix"), Maren ("Konfikontzertu") eta Sara Zozaya ("Etxetik etxera"). Antzokian Etxean tarteak eszenako ikuskizunen agenda osatzen du –antzerkia, musika eta dantza–, ostegunetik igandera (egun horietan izaten baita ikus-entzule gehien gune eszenikoetan), 19:00etan betiere. Hemengo artista eta sortzaileek beren ikuskizunen edota sorkuntza berrien pilulak eskaintzen dituzte formatu berri honetan. Kontzertuak, bakarrizketak, koreografiak... dira, 5 eta 15 minutu artekoak, eta primizia gisa goza daitezke Donostia Kulturako kanaletatik.

Horren aurretik, asteazkenean, hilak 29, Donostia Kulturak Dantzaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat egingo du Verdini taldearen (urritasunen bat duten pertsonek osatutako dantza garaikideko taldea) pieza berri batekin, 19:00etan hau ere, Donostia Kulturaren ohiko kanalen bitartez. Gainera, oroitzapen horren mezu ofiziala argitaratuko dugu.

Zinema asko, bestalde. Egun hauetan ospatzekoa zen Giza Eskubideen Zinemaldiak, Hemen emakumeen elkartearekin batera, zazpi film laburren online proiekzio bat eta film zuzendarien eta ekoizleen topaketa paralelo bat izango ditu. Giza eskubideak ardatz dituzten film laburrak apirilaren 27tik maiatzaren 3ra bitartean izango dira ikusgai Giza Eskubideen Zinemaldiko Youtubeko kanalean. Ostegunean, apirilaren 30ean, izango da topaketa, 18:30ean, Hemen elkartearen Facebook orrialdean zuzenean. Solasaldian, Amaia San Sebastian, Maria Aizpuru, Emily Lobsenz, Ainhoa Urgoitia, Nagore Eceiza eta Esti Urresola sortzaileek hartuko dute parte. Tessa Andonegi aktore eta Hemen elkarteko kidea izango da moderatzailea solasaldian.

DK Etxean Koadernoa: hemengo idazleek kontakizun labur argitaragabeak eskaintzen dituzte. Eguneroko eskaintza da –hau ere astelehenetik ostiralera–, eta eguerdiko 12:00etan egiten da. Arantxa Urretabizkaia ("Nor zaren jakiteko testa"), Anjel Lertxundi ("Ez nago hilda"), Xabier Etxaniz Rojo ("Ohean, ezen ez balkoian"), Oier Guillan ("Rutger") eta Kirmen Uribe ("Egiantzekotasuna").

DK Etxean Koadernoa: Euskal ilustratzaileen sorkuntza-lanak erakusteko lerroari dagokionez, gaur bertan Marcos Navarrorekin ("Besarkada Abrazo) hasiko gara. Astean zehar, Aitziber Alonso ("Zurekin ez nago bakarrik / Contigo no estoy solo"), Diego Besné ("Nire balkoitik / Desde mi balcón"), Sandra Garayoa ("Hazi ala hasi") eta Iker Ayestaran ("Lehiotik begira zain") izango ditu atzetik. Ilustrazioak egunero agertzen dira, astelehenetik ostiralera, 13:00etan eta Donostia Kulturak zabalkunderako dituen bide guztietatik (webgunea eta sare sozialak).

Asteartean, hilak 28, solasaldi digitala izango da eta Patricio Pron idazleak hartuko du parte bertan: Mañana tendremos otros nombres izango dute hizpide Amaia Garciak koordinatutako solasaldian.

Eta hona hemen haur txikiak dituzten Donostiako familia askorentzat itxialdian dagoeneko ohiko bihurtu den hitzordua: Ipuinaren ordua, zeinak ehunka haur biltzen baititu egunero telebista aurrean (Youtube bidez) edo sakelako zein ordenagailuen inguruan (Donostia Kulturaren Instagram edo Facebook bidez). Programa hori egunero izaten da, 16:00etan, eta familia guztiarentzako ipuin bat eskaintzen du, gehienetan euskaraz, salbu eta igandeetan, egun horretan ipuina gaztelaniaz kontatzen baita. Larunbatetan, gainera, zeinuen hizkuntzan ematen da. Aste honetan, honako hauek izango ditugu: Lur Korta ("Maori Txiki"), Iraitz Lizarraga ("Ez da nire errua"), Lur Usabiaga ("Tonino"), Saioa Aizpurua ("Pideel eta miau"), Lur Korta ("Kaka putza"), Saioa Aizpurua eta Bego González ("Osaba Otso") eta Lur Usabiaga ("Lionel"). Ostegunean, Haur Liburuaren eta Liburuaren egunak ospatu ditugun hilabetea amaitzeagatik, ipuin berezi bat gehitu diogu eskaintzari, aipatutako ipuin kontalariek hainbat ahotsez kontatua.

Gainera, Larrotxene Bideok (Larrotxene K.E.) eduki birtualak eskaintzen ditu. Hilaren 28an eta 30ean Adobe After Effects-i buruzko online ikastaroarekin jarraituko da. Asteazkenean, hilak 29, Transmediazinek bere bideo-magazina eskainiko digu, non ARG (Alternative Reality Games edo Errealitate alternatiboko jokoak) aztertuko diren. Maiatzaren 1ean, azkenik, Larrotxeneko "zuzenekoetan", "1.33.10" laburmetraia eta Juanmi Cuesta idazlearekin solasaldia izango da, gaur egun Bolognan (Italia) bizi dena, 19:30ean, Twitch bidez.

Aste honetan bi #STMKuttunak izango ditu San Telmo Museoak. Lehenengoa, asteazkenean, Otsagiko dantza taldeari eskainia izango da eta erakusketa iraunkorrean dagoen Otsagabiako dantzari jantzia erakutsiko da, urtero, irailean, Nafarroako herri honetan Muskildako Ama Birjinaren omenez berritzen duten tradizioa ezagutzeko balioko diguna. Bigarrena zendu berri den Jose Luis Zumeta margolariari eskainiko zaio.

Azkenik, Ispilu Beltza DK Irratiaren goizeko irratsaioak ahotsa ematen die Donostia Kulturako eta, oro har, Donostiako kultur paisaiako aktore eta larruazaleko jarduerei. Oier Aranzabalek gidatuta, astelehenetik ostiralera entzun daiteke, 8:00etatik 10:00etara, 107.4 FM frekuentzian, baita Donostia Kulturako gainerako audio plataformetan ere. Aste honetan, jakina, dantza eta jazzari eskainitako saio bereziak eskainiko dituzte.

Horrela, egungo etxealdia mantentzen den heinean, Donostia Kulturak programazio biziaren sorta proposatuko du; beste hainbat zerbitzu online - eLiburutegia, DK Irratia, San Telmo museoko erakusketa birtualak, Filmin atarira igotako filmak... - mantentzeaz gain.

Hau dena donostiakultura.eus atariak jasotzen duen #DKEtxean zigilupean.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu