Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

#DKEtxean agenda: apirilaren 26ra bitarteko edukiak

#DKEtxean

Astelehena, 2020(e)ko Apirila(r)en 20-(e)an

#DKEtxean programazioaren laugarren astean, eduki kultural berriekin itzuliko gara, Donostia Kulturaren agenda birtual honetarako artistek eta tokiko sortzaileek ex profeso sortutakoak. Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunak markatuta dator astea, eta, beraz, programazio berezia izango du datorren ostegunean, apirilaren 23an, #DKEtxean agendaren eduki berrietan ere eragina izango duena.

Hauxe da apirilaren 20tik 26ra bitarteko parrilla.

Antzokian Etxean programan,  Amaia Lizarralde ("Diario de una prueba"), Ainara Ortega ("Maitasuna"), Noa VD & Sergio Villar ( "Spread your swings") eta Elena Setién ("Concierto desde casa") izango ditugu. Antzokian Etxean tarteak eszenako ikuskizunen agenda osatzen du –antzerkia, musika eta dantza–, ostegunetik igandera (egun horietan izaten baita ikus-entzule gehien gune eszenikoetan), 19:00etan betiere. Hemengo artista eta sortzaileek beren ikuskizunen edota sorkuntza berrien pilulak eskaintzen dituzte formatu berri honetan. Kontzertuak, bakarrizketak, koreografiak... dira, 5 eta 15 minutu artekoak, eta primizia gisa goza daitezke Donostia Kulturako kanaletatik.

DK Etxean Koadernoa: hemengo idazleek kontakizun labur argitaragabeak eskaintzen dituzte. Eguneroko eskaintza da –hau ere astelehenetik ostiralera–, eta eguerdiko 12:00etan egiten da. Astelehenean Harkaitz Cano ("Elurraren zehatza") hasiko da; ostegunean, berriz,  Ana Malagón ("Hau ere pasako da") eta ostiralean,  Beñat Sarasola (Apnea"). Xabier Etxanizek eta Oier Guillanek ("Ohean, ezen ez balkoian" eta "Butger" lanekin, hurrenez hurren) datorren astean erakutsiko dituzte beren idatziak, kulturaren itzalaldi digitalarekin bat egingo baitute 21ean eta 22an.

DK Etxean Koadernoa: Euskal ilustratzaileen sorkuntza-lanak erakusteko lerroari dagokionez,  gaur bertan Rebeka Elizegi izango dugu ("AhalDudalakoEtxeanGeratzenNaiz, #YoQuePuedoMeQuedoEnCasa") eta ondoren Mikel Casal ("Liburuaren Eguna"). Ane Pikazak eta Marcos Navarrok itzalaldi digitalarekin bat egingo dute hilaren 21ean eta 22an, eta bere lanak aurrerago erakutsiko dituzte. Ane Picazaren kasuan ("Kaiola" / "En la jaula"), ostiral honetan bertan; Marcos Navarroren kasuan ("Besarkada" / "Abrazo"), datorren astelehenean. Ilustrazioak egunero agertzen dira, astelehenetik ostiralera, 13:00etan eta Donostia Kulturak zabalkunderako dituen bide guztietatik (webgunea eta sare sozialak).

Eta hona hemen haur txikiak dituzten Donostiako familia askorentzat itxialdian dagoeneko ohiko bihurtu den hitzordua: Ipuinaren ordua, zeinak ehunka haur biltzen baititu egunero telebista aurrean (Youtube bidez) edo sakelako zein ordenagailuen inguruan (Donostia Kulturaren Instagram edo Facebook bidez). Programa hori egunero izaten da, 16:00etan, eta familia guztiarentzako ipuin bat eskaintzen du, gehienetan euskaraz, salbu eta igandeetan, egun horretan ipuina gaztelaniaz kontatzen baita. Larunbatetan, gainera, zeinuen hizkuntzan ematen da. Aste honetan, honako hauek izango ditugu: Izaskun Mujika ("Kokodrilo txikia"), Lur Usabiaga ("Oscar adarbakarra" eta "Kattagorriak haserre"), Amaia Puin ("Loreren borobiltxoak"), Saioa Aizpurua ("Puntutxoa"), Lur Korta / Bego González ("Erraldoiaren hiru ileak") eta Izaskun Mujika ("Árboles en el camino").

Gainera, Larrotxene Bideok (Larrotxene K.E.) eduki birtualak eskaintzen ditu.  Asteartean, hilak 21, Adobe After Effects-i buruzko online ikastaroarekin jarraituko da, edukien inportazioa landuz. Ostegunean, hilak 23, geruzak aztertuko dira, ikastaro berean. Eta ostiralean, azkenik, zuzeneko saioetako bat. "El rey" film laburra ikusi eta Ingalaterran dagoen errealizadorearekin hitz egin ahal izango da, modu digitalean.

San Telmo Museoaren #STMKuttunak ekimeneko pieza jineta ezpata izango da, museoaren bilduman balio eta tradizio handia duen pieza bat. Ezpata hispano-arabiar bat da, 1940an dohaintzan jasoa eta iaz zaharberritu eta ikertu genuena. Zaharberritze prozesuarekin osatu genuen Miaka ikerketa koadernoen ale bat, eta ikerketekin jarraitzen dugu ezpatari buruzko zehaztasun gehiago ezagutzeko.

Horrela, egungo etxealdia mantentzen den heinean, Donostia Kulturak programazio biziaren sorta proposatuko du; beste hainbat zerbitzu online - eLiburutegia, DK Irratia (azpimarratzekoa Ispilu Beltza kultur magazina), San Telmo museoko erakusketa birtualak, Filmin atarira igotako filmak... - mantentzeaz gain.

Hau dena donostiakultura.eus atariak jasotzen duen #DKEtxean zigilupean.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu