Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

#DKEtxean agenda: apirilaren 12ra bitarteko edukiak

#DKEtxean

Astelehena, 2020(e)ko Apirila(r)en 06-(e)an

Duela astebete, Donostia Kulturak kultur eduki berriak sartu zituen bere programazioan, hemengo artista eta sortzaileek espresuki #DKEtxean agendarako sortuak. Lerro hauetan aste honetako programazioaren berri.

DK Etxean Koadernoa: Hemengo idazleek kontakizun labur argitaragabeak eskaintzen dituzte, bai eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak ere. Eguneroko eskaintza da –astelehenetik ostiralera–, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik egiten dena. Aste honetan, Juan Kruz Igerabide, Julia Otxoa eta Luisa Etxenike izango ditugu gurekin, Aste Santuko jaiegunetan irakur eta goza ahal ditzagun. Aste Santutik aurrera, euskal ilustratzaileak gehituko zaizkio "Koadernoa"ri, une hauetaz duten ikuspegia eskaintzeko.

Literatur eskaintza joan den astelehenean hasi zen, martxoaren 30ean, eta ipuin-kontalari batek jardun du Ipuinaren Orduan. Programa hori egunero izaten da, 16:00etan, eta familia guztiarentzako ipuin bat eskaintzen da, euskaraz, salbu eta igandeetan, egun horretan ipuina gaztelaniaz kontatzen baita. Larunbatetan, gainera, zeinuen hizkuntzan ematen da. Aste honetan, Lur Korta, Saioa Aizpurua, Lur Usabiaga, Bego Gonzalez eta Izaskun Mujika izango ditugu ipuin-kontalari.

Aste honetan, gainera, Antzokian Etxean programan, Maribel Salas, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola, Iñaki Salvador eta Dani Iglesiasen emanaldiak izango ditugu. Antzokian Etxean tarteak eszenako ikuskizunen agenda osatzen du –antzerkia, musika eta dantza–, ostegunetik igandera (egun horietan izaten baita ikus-entzule gehien gune eszenikoetan), 19:00etan betiere. Hemengo artista eta sortzaileek beren ikuskizunen edota sorkuntza berrien pilulak eskaintzen dituzte formatu berri honetan. Kontzertuak, bakarrizketak, koreografiak... dira, 5 eta 15 minutu artekoak, eta primizia gisa goza daitezke Donostia Kulturako kanaletatik.

Gainera, Larrotxene Bideotik (Larrotxene K.E.), zenbait eduki eskainiko dira astean zehar, bai Youtuben eta bai Twitch-en. Hasiera honetan, honako hauek:

1. After effects tutoriala: Bihartik, apirilaren 7tik aurrera, Larrotxeneko komunitateak aspaldi eskatutako formakuntza da. Interfazetik hasita, komunitateari software hau nola erabili erakutsiko zaio. Bideotutorialak Larrotxeneko Youtube kanalean argitaratuko dira eta astean behin zuzeneko emanaldiak antolatuko dira.

2. Transmediazine. Narrazio digitalekin zerikusia duten gaien inguruko mikro-magazina. Bideo-jokoak, ARG-ak, Errealitate birtuala, Errealitate Areagotua, Sare sozialen bidezko kontakizunak. Apirilaren 15ean jarriko da abian programa hau.

3. Larrotwitch. Apirilaren 10etik aurrera, azkenik, Twitch plataforma erabiliko da Larrotxeneko hainbat laburmetrai zuzenean emateko. Emanaldi bakoitza gai konkretu baten inguruan antolatuko da eta ikusleek zuzenean idatzizko iruzkinak egin ahal izango dituzte.

Asteko piezari dagokionez, San Telmo Museoak asteazkenean Serten mihiseak izango ditu hizpide, museoaren ondarearen altxorretako bat. #STMkuttunak-en mihiseei buruzko informazioa eta baliabideak bilduko ditugu, bai eta erabilitako teknikari eta zaharberritze lanei buruzkoa, besteak beste.

Horrela, egungo etxealdia mantentzen den heinean, Donostia Kulturak programazio biziaren sorta proposatuko du; Beste hainbat zerbitzu online - eLiburutegia, DK Irratia, San Telmo museoko erakusketa birtualak, Filmin atarira igotako filmak... - mantenduz gain.

Hau dena donostiakultura.eus atariak jasotzen duen #DKEtxean zigilupean.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu