Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

San Telmo Museoko erakusketako pieza bat astero: argizaiola

Asteazkena, 2020(e)ko Apirila(r)en 01-(e)an

Gaurtik aurrera, apirilak 1, asteazkenero San Telmo Museoko pieza bat aurkeztuko dizuegu. Argizaiolarekin abian jartzen dugun ekimen berri honen bitartez gure erakusketa iraunkorra zuei gerturatzea dugu helburu, eduki interesgarriak eta aldi berean erabilgarriak eskainiz.

Izan ere, aukeratutako piezari buruzko datuez gain, bestelako baliabideak ere gehitzen saiatuko gara. Aste honetan, argizaiolari buruzko informazioaz gain, museoko erakusketa iraunkorrean dugun hileta errituei buruzko ikus-entzunezkoa proposatzen dizuegu, eta momentuko egoerari lotuta, Bidegin elkarteko Izaskun Andonegiri eskatu diogun bideo bat ere. Bertan, egoera berezi eta zail honetan norbait galdu eta dolua egiteko aholkuak ematen dizkigu Izaskunek.

Amaitzeko, gaiaren inguruan museoak dituen hezkuntza arloko materialak ere proposatzen dizkizuegu, etxean erabilgarri izan daitezkeelakoan.

Argizaiola

Argizaiola euskal kulturako hileta-erritu eta zeremonien pieza adierazgarrienetako bat da, etxeko sua elizara eramaten duen elementu gisa.

Taula formako zurezko euskarri batez osatuta dago ("ola"), non argizaria ("argizai") biribilkatzen den. Apaingarririk gabea edo apaindua izan daiteke, eta forma askotakoa, baina ohikoena hau da: eskuarekin hartzeko kirten bat, argizaria kiribiltzen den erdiko zati bat -apaingarririk gabekoa-, eta honen aurreko eta atzeko zatia, apaintzen dena.

Arte herrikoian  tradizionalak diren dekorazio-motiboak izan ohi ditu, beste objektu mota batzuetan ere errepikatzen direnak: loreak, arrosa-leihoak, helizeak, gurutzeak, hozkak, motibo geometrikoak...

Argizaiola familiaren hilobien gainean ("jarlekuak") jartzen zen elizetan, eta arbasoei argia emateko pizten zen, eternitaterako bidaian. Erlijio-ospakizunetan piztuta egoten zen, eta etxekoandrea arduratzen zen pizteaz.

Euskal sinesmenen baitan animaliek duten garrantziaren erakusle ere bada objektua: etxe batean norbait hiltzen zenean lehenik eta behin erleei eman behar zitzaien heriotza horren berri argizaria egin zezaten argiziolarako.

Ehorzketak hilerrietara eraman zirenean, etxe bakoitzak iraganean hilobiak hartu zuen toki bera izaten jarraitu zuen, hilobi sinboliko bihurtua. Tradizioa, batez ere, Gipuzkoan kokatzen da, Goierrin hain zuzen ere, nahiz eta galdu egin da urteen poderioz, Amezketan izan ezik.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu