Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Giza Eskubideen Zinemaldiari buruzko Filmineko kanalerako gida

La casa junto al mar

Ostirala, 2020(e)ko Martxoa(r)en 27-(e)an

Duela aste batzuk, kanal bat ireki zen Filmin online plataforman. Kanalak Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren komisariotza du, eta bertatik aurreko zinemaldietako pelikuletara sar daiteke, baita bere ibilbideagatik saritutako zinemagileek zuzendutako izenburuetara, gizarte-gaiak dituzten emakumezko errealizadoreen zinema lanetara eta euskal ekoizpenei buruzko atal batera ere: www.filmin.es/canal/festival-de-cine-y-derechos-humanos.

Premios de honor atalaren barruan, beren film- eta bizi-ibilbideagatik Zinemaldiak saritutako zinemagile batzuen lanak ikus daitezke. Horien artean da La Villa (2017), Marseilla hiriaren eta bertako biztanleen kronikagile ofizialak, Robert Guédiguianek, egindako azken aurreko pelikula, oraingoan familia-bilkura baten berri ematen diguna. Hor da ere L'Atelier (2017), Laurent Cantetena; bertan, uda partean gazte talde bat bildu da literatura tailer batean parte hartzeko eta hiriaren historian sakontzeko.

Nostalgia de la luz (2010) galdu ezineko filma da; Patricio Guzmán txiletar dokumentalgileak Atacamako basamortuaz dihardu, baita kosmosaren barruan gizakiak duen txikitasunaz eta Pinocheten diktadurako desagertuez ere. Exils filmean (2004), Tony Gatlifek Europako ijitoen kultura aztertzen jarraitzen du, kasu honetan bere buruaren aljeriar jatorrietan murgilduz.

Kanal honetan, Iciar Bollainek zuzendutako pelikula onenetako bat ikus daiteke, También la lluvia (2010), "uraren gerra" delakoan Bolivian egindako errodaje batean girotzen den filma. When Day Breaks, berriz, Goran Paskaljević serbiar errealizadore beterano eta hainbatetan sarituaren pelikula dugu (2012), memoria historikoaz eta alemaniarren kontzentrazio-esparruez.

Love Is All (2014) maitasuna zinemaren historian gaitzat hartzen duena, Kim Longinotto britainiarrak zuzendu zuen. Salt of This Sea (2008) Annemarie Jacir palestinarrak zuzendu zuen, eta saritua izan zen 2019ko zinemaldian. New Yorken jaiotako gazte baten istorioa kontatzen du, arbasoen lurraldera bizitzera itzultzea erabaki duena: Palestinara.

Antología atalean, Zinemaldiak 17 urteko ibilbidean emandako filmen adibide sorta txiki bat eskaintzen da. Besteak beste, ikusleak François Ozonek zuzendutako azken filma aurki dezake: Grâce à Dieu (2018), hainbat elizgizonek Lyonen egindako sexu abusuen kasu erreala eta oso berria kontatzen duena. 2019an, Ai Weiwei artista txinatarrak planetako askotariko tokietako pertsonen migrazioen inguruko erretratu bat egin zuen Human Flow filmean. Fatima filma (2015) beste migrazio istorio bat da, kasu horretan Frantziako aljeriar emakume bati eta haren alabei buruzkoa.

Nelson Mandelari eta haren zortzi kideei 1963-64an egindako epaiketako grabazio errealak ere entzun daitezke: The State Against Mandela and the Others (2018). Epaiketa horretan, heriotza zigorra zuten jokoan. Etengabe bonbardaketek astindutako Siriara ere bidaia daiteke, Alma mater filmean (2017). Kultura Iraultza osteko Txinara ere bidaia daiteke, azken hamarkadetako zinemagile txinatar garrantzitsuenetako baten, Zhang Yimouren, eskutik: Coming Home (2014).

Guatemalar emakume talde batera hurbiltzeko modua ere izango duzu: nola beren egoera zaila salatzeko futbol talde bat sortu zuten. Hori Estrellas de La Línea filmean duzu, Chema Rodríguezena.

Filmineko kanalak gizarte-arloko zinema egin duten emakumeei erreparatzen dien atal bat ere badu (Directoras). Bertan dira Agnès Varda eta Les Glaneurs et la glaneuse haren film jada klasikoa (2000), gizarteak zaborrera botatzen duen oro bildu eta berrerabiltzen duten pertsonen berri ematen duena, eta Margarethe von Trotta, Hannah Arendt filosofoa gertuagotik ezagutzeko ahaleginean (2012ko filma).

Atal honetan ikus daitezkeen beste film batzuk hauexek dira: Persepolis (2007), Marjane Satrapiren animazioko pelikula autobiografikoa, Irango iraultza islamdarraren inguruan; Demain dokumentala klima aldaketa eta etorkizuneko munduari buruzkoa (2015); edo A Better Man (2017), non Attiya Khan errealizadoreak tratu txarrak eman zizkion mutil lagun ohiari egindako elkarrizketa sorta bat erakusten duen.

Céline Sciammak Girlhood (2014) zuzendu zuen, Pariseko banlieuko lauko gazte talde baten egunerokotasuna kontatzen duena. Manane Rodríguez uruguaiar zuzendariak, berriz, Memorias rotas dokumentala zuzendu zuen (2010), Gerra Zibil bete-betean Galiziako mendietan galdutako errepublikar soldadu talde baten istorioaren berri ematen duena.

Hotel Explotación: Las Kellys filmean (2018), Georgina Cisquella kazetariak hoteleko emakumezko zerbitzariek (Kellys direlakoek) lan baldintzak hobetzeko daramaten borroka kontatzen du.

Desde Euskadi atalean, azken urteotako Euskadiko hainbat ekoizpen biltzen dira, adibidez, 80 egunean (2010), Moriarti ekoiztetxearen fikziozko lehen film luzea; ekoiztetxe horrek berak egin zituen ere Handia (2017) edo La trinchera infinita (2019) filmak. Helena Tabernaren Nagore filmak (2010) Nagore Laffage gaztearen 2008ko Sanferminetako festetan gertatutako erailketa dokumentatzen du.

Euskal Autonomia Erkidegotik ere heldu dira Mujeres en pie de guerra (2004), Susan Koskarena, frankismoaren kontra borrokatzen diren sei emakumezkoren bizitzaren inguruan, edo De Echevarría a Etxeberria (2014), Oiartzungo biztanleen lekukotzen bidez Ander Iriartek ETAren indarkeriaren historia kontatzen duena.

Roberto Castónek besterik kontatzen du Ander filmean (2009): langile etorkin bat heldu denean, bere sexu orientazioa aztertzera behartuta ikusi du bere burua.

Egungo munduari oso atxikitako bi dokumental ere ikus ditzakegu: Zuk filmak (2017) egungo migrazio krisiari irmotasunez aurre egiten dioten boluntarioen istorioa kontatzen du, eta Walls lanak, berriz (2015), ibilaldi bat egiten du gizakiak lurraldeak eta pertsonak banantzeko azken hamarkadetan eraikitako hainbat harresitan barrena.

Bukatzeko, nabarmendu behar da aste honetan Hilos de sororidad dokumentala (2019) estreinatu dela kanal honetan, Eneko Olasagastik zuzendutakoa: Bortizkeria sexistaren aurkako matazak egitasmoaren historia kontatzen du.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu