Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

2020ko Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko mezua

Victoria Eugenia Antzokia

Osteguna, 2020(e)ko Martxoa(r)en 26-(e)an

Martxoaren 27an ospatzen den Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko mezua Shahid Nadeem dramaturgo pakistandarrak, Ajoka Theatre taldearen sortzaile eta zuzendariak, idatzi du aurten (Itzulpena: Iñaki Iñurrieta).

Oharra: egungo egoera dela eta, XX. Donostia Antzerki Sariko gala atzeratu egin da. Data berria aurrerago iragarriko da.

Antzerkia, tenplu

Behin, Ajoka antzerki-taldeak Bulleh Shah poeta sufiari buruzko antzezlan bat eman ondoren, gizon zahar bat etorri zen sufi handiarena jokatutako aktoreagana, haur bat eskutik zuela, eta esan zion: "Nire biloba ez dago batere ondo, bedeinkatuko al zenuke?". Aktorea harri eta zur geratu zen: "Ni ez naiz Bulleh Shah, haren rola jokatu duen aktore bat naiz". Zaharrak erantzun zion: "Seme, zu ez zara aktorea, zu Bulleh Shah berraragiztatua zara, haren Abatarra".

Bat-batean, antzerki-kontzeptu guztiz berri bat agertu zitzaigun, zeinaren arabera aktore bat jokatzen duen pertsonaiaren berraragiztapen bihurtzen baita.

Bulleh Shah-rena bezalako historiak arakatzea, horrelako historiak kultura guztietan baitaude, zubi gisa erabil daiteke gu antzerki-sortzaileon eta ikus-entzule ez aditu baina oso zaleen artean.

Agertokian ari garen bitartean, batzuetan men egiten diogu gure antzerki-filosofiari, gizarte-aldaketaren aitzindari izan nahiari, eta, hala jokatuta, bazterrean uzten dugu komunitatearen parte handi bat.

Orainaren desafioekiko konpromisoari eutsi nahian, uko egiten diogu esperientzia espiritual sakon eta hunkigarriak izateko aukerari, eta antzerkia gai da halakorik emateko.

Gaur egungo munduan, non intolerantzia, gorrotoa eta indarkeria gorantz baitoaz, gure planeta gero eta gehiago ari da barrentzen klima-hondamendian, eta beharrezko dugu gure indar espirituala berritzea.

Beharrezko dugu borrokatzea apatiaren, lozorroaren, ezkortasunaren, diru-gosearen eta bizi garen planeta honekiko mespretxuaren kontra.

Antzerkiak badu bere egitekoa, egiteko noblea; dinamizatu eta aurrera bultzatu behar du gizadia, lagundu egin behar dio jaikitzen, zulo hondargabean amildu baino lehen.

Antzerkiak tenplu bihur dezake agertokia, zerbait sakratu bihur dezake jokagunea. Asiaren hegoaldean, artistek begirunez ukitzen dute agertokiko zorua, zapaldu aurretik; antzinako tradizioa da, alderdi espirituala eta kulturala bat eginda zeuden garaietakoa. Garaia da artistaren eta ikus-entzuleen arteko harreman sinbiotiko hori berreskuratzeko, iraganaren eta etorkizunaren artekoa. Antzerkigintza ekintza sakratua izan daiteke, eta aktoreak, hain justu, jokatzen dituzten rolen abatarrak bihur daitezke.

Antzerkiak eszena santutegi bihurtzeko ahal eraldatzailea du, eta santutegi hori jokagune bihurtzeko.

*Mezuaren bertsio laburtua

ITI, Nazioarteko Antzerki Institutua.

Eszenako Arteen Mundu Erakundea.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu