Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

"Blaze" eta "#Emakumeen plazera" filmak eskuragarri Filmazpit katalogoan

#Emakumeen plazera

Osteguna, 2020(e)ko Otsaila(r)en 20-(e)an

25 urte ondoren, Ethan Hawke zuzendari modura itzultzen zen Sundance jaialdira, Texas Outlaw Music mugimenduaren legenda ezezagun Blaze Foley-ren bizitza pantailaratzen duen Blaze (2018) filmarekin. Bestalde, Barbara Miller dokumentalgileak, bost emakumeren kontakizunen bidez, emakumeen sexualitatearen eta plazeraren errealitate konplexuetara hurbiltzen gaitu #Emakumeen plazera (2018) lanean.

Blaze filma Foley-ren berri munduratzeko egon daitekeen modurik ederrenetakoa da. Hawke zuzendariak Sybil Rosen-enekin batera idatzi du gidoia, Rosen-en memorietan oinarrituta hain zuzen ere. Sybil Rosen (Alia Shawkat) Foley-ren maitale eta bere hitzetan, musa ere izan zen. Abeslariak "ile kizkurdun neska txiki eder judua" deitzen zuen. Filma Foley-ren abesti, istorio eta txistez osatuta dago eta Dickey aktoreak bikain antzezten du haren arima konplexua. Blaze opari bat da Foley-ren jarraitzaileentzat eta zeu ere bilakatuko zaitu bat oraindik ez bazara haren musikaz maitemindu.

Barbara Millerren #Emakumeen plazera dokumentalak bost emakume ausart, adimentsu eta zehatz aurkezten ditu, gizarte arkaiko eta patriarkalek eta komunitate erlijioso ezberdinek inposatutako isiltasuna apurtzen: Deborah Feldman, komunitate judu ortodoxotik erbesteratutako idazle amerikarra; Leyla Hussein, Somaliako psikoterapeuta, ablazioaren biktima eta ekintzaile soziala; Rokudenashiko, lizunkeriagatik kondenatutako artista japoniarra; Doris Wagner, kleroaren kide batek sexualki bortxatutako moja ohia; eta Vithika Yadav-agatik, Indiako genero-eskubide eta eskubide sexualen aldeko aktibista. #Emakumeen plazera-k egoera unibertsalak azaleratzen ditu, eta emakume horien borroka arrakastatsua erakusten du, sexualitatearen autodeterminazio-eskubidearen alde eta plazer-harreman berdinzaleagoen alde. Emakume horiek hitz egitea erabaki zuten, eta azken adibide dira bizitzarekiko kemenak, indarrak eta gogoak gizarte egiturak nola alda ditzaketen.

Lan hauek gehitu ondoren, Filmazpit katalogoak jatorrizko bertsioan eta publiko zabal bati zuzendutako kalitatezko film sorta ederra jartzen du interesa duten programatzaile eta eragile kulturalen eskura, kosturik gabe proiekzioak antolatu ditzaten. Filma guztiak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin eskaintzen dira.

Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.

Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua www.filmazpit.eus webgunean.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu