Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

San Telmo Museoak 2020ko programazioa aurkeztu du

Astelehena, 2019(e)ko Abendua(r)en 16-(e)an

San Telmo Museoak 2020. urterako prestatu duen programazioa aurkeztu du gaur museoan: erakusketak, proiektu bereziak, jarduerak... Hemen programazioaren inguruko zertzelada batzuk.

Argazkilaritza

Aldi baterako erakusketen arloan, aipagarria da argazkilaritzak izango duen presentzia; izan ere museoak berriki jaso dituen bi argazki funts erakusketa formatoan ikusi ahal izango baitira: Antton Elizegiren funtsetik abiatuta Atzera begirako poetika erakusketa zabalduko du museoak otsailean eta Fernando Postigoren funtsa izango da Postigo. Garai baten kronika erakusketa, maiatzetik aurrera.

Horiekin, eta oro har, argazkilaritzarekin lotuta, aipagarria da argazkilaritza funtsak gordetzearen, kontserbatzearen eta zaharberritzearen inguruan museoak antolatutako ikastaroa, apiilean, Kutxa Fundazioarekin sinatutako akordioari esker.

Erakusketetara itzuliz, Deabrua, agian. Bruegheldarren mundua erakusketa izango dugu otsailean, Valladolideko Eskultura Museoarekin eta Asturiasko Arte Ederren museoarekin batera antolatutakoa, eta Mari Bolañosek komisariatua. Eta udan, Bidairik luzeena. Munduaren lehen itzulia erakusketa hitzordu garrantzitsu bihurtuko da Elkanok markatutako mugarriaren inguruan.

Emakumeen presentzia artean

Datorren urtean argia ikusiko du museoa gaur egun lantzen ari den ildo batek: emakume artisten presentziaren inguruko hausnarketa. Bide batetik baino gehiagotatik landuko du museoak arlo hori datorren urtean, baina erakusketa bat izango da horren ardatza. Haizea Barcenillak eta Garazi Ansak komisariatuta Ikusgarritasunaren logikak erakusketak askotan ahaztuta dauden emakume artistek sortutako lanak berreskuratuko ditu eta gure bildumetan duten presentzia handitzeaz gain, erakusketetan eta museotako bildumetan ez egotearen arrazoiak aztertu eta hausnartzeko aukera emango du.  

Hain zuzen ere, erakusketaren inguruko Ikusgarritasunaren logikak jarduera zikloa ere egongo da.

Sormena

2020an sormenerako leiho bat gehiago irekiko du museoak, hau ere, Kutxa Fundazioarekin duen lankidetzari esker. Artea abian proiektua jarriko da martxan eta artista batek bere obra propioa garatu eta museoan erakusketako aukera eskainiko zaio, kaso honetan Nagore Amenabarro izango da artista hautatua.

Horrez, gain, Museo Bikoitzaren lekukoa pasako dio Ibon Aranberrik Erlea Maneros Zabalari, eta azken horrek prestatuko duen obra 2020an aurkeztuko da.

Sorkuntzaren inguruan ere, Fernando Golvanok Bajo el signo de la melancolía en las artes ikastaroa eskainiko du urtarriletik hasita.

Urgull, euskera....

Horrez gain, museoak Urgulleko eskaintza hobetu eta handituko du, besteak beste, ibilbideak sortuz eta Historiaren etxeko areto bat erakusketa txikiak egiteko egokituz, eta euskarararen inguruan ere ildo ezberdinak landuko dira, orain arteko harremanei eutsiz eta proiektu berriak martxan  jarriz.

Hori guztia museoaren ohiko eskaintzari gehituko zaio: Erronkak hitzaldi zikloa, Elkano zikloa, arkeologia eta etnografia jardunaldiak, Hileko obra, argazki-liburuen inguruko programazioa, hiriko jaialdiekin lotura, San Telmo Gauak, Musikagileak, familientzako jarduerak....

2020an ere zer ikusia eta egina ez da faltako  San Telmo Museoan

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu