Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Donostia Antzerki Sariak irudi berria estreinatuko du datorren urtean

A.Saria

Osteguna, 2019(e)ko Azaroa(r)en 14-(e)an

Donostia Antzerki Sariak irudi berria estreinatuko du datorren urtean. Irudi grafiko berria antzerkian egon ohi diren elementuen arteko joko bat da; oihalak, antzezleek eta euren arteko gainezarpenak eszena txikiak sortuko dituzte konposizioetan.

Ez da marka bat bakarrik, aldaera ugari dituen unibertso grafiko bat baizik, eta horrek komunikazioa eta sariaren inguruko zabalkundea erraztuko du.

Oihalak forma geometriko bat irudikatzen du eta horrek dakarren dinamismo formalak edozein euskarri eta/edo formatura egokitzeko aukera eskaintzen du. Antzezleen irudien erabilerak ahalbidetzen du aurreko urteetan antzeztutako euskarazko obrekin jokatzea; saria irabazi dezaketen lanekin alegia. Horrela, saritutako antzezlanaz gain, gainerako lanak sustatu eta ezagutzera emango dira komunikazio grafikoaren bidez.

Donostiako TGA estudiok sortu du irudi berria.

Donostia Antzerki Saria

Euskarazko antzerki profesionala sustatzeko eta indartzeko asmoz sorturiko saria da. Urtero, martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean antolatzen den ekitaldian ematen zaio saria aurreko urtean Donostian eskainitako antzerki lan onenari. Egun horretan ikuskizun saritua eskaintzen da Victoria Eugenia Antzokian.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Donostia Kulturaren elkarlanari esker, Donostiako ohiko antzerki programazioan euskarazko antzerkiaren eskaintza egonkortzea lortu da eta ikuskizun bakoitzetik euskarazko bi emanaldi gutxienez eskaintzen dira Donostiako antzokietan.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu