Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

San Telmo Museoak jineta ezpata zaharberritu du, bere bildumako balio handiko pieza

Asteartea, 2019(e)ko Urria(r)en 29-(e)an

San Telmo Museoak, ártyco enpresarekin, bere bilduman balio eta tradizio handia duen pieza bat zaharberritu du, jineta ezpata. Armagintza bildumako pieza da eta bere bikaintasunagatik nabarmentzen da. Zaharberritze lanak ehunetan eta metaletan zentratu dira eta era separatuan landu dira. Gainera, lanek interes handia sortu dutenez, museoak Miakako zenbaki bat eskaini dio.

Zaharberritutakoa jineta ezpata bat da, Nazari Erresumako ezpata bereizgarria. Halako 12 bat ale soilik daude erregistratuta gaur egun, nazioarteko hainbat museotan eta zenbait bilduma pribatutan. San Telmokoa 1940an dohaintzan eman zuen Maria Dolores Porcel y Guirior-ek, bere arreba San Millán eta Villalegreko markesa zenduaren berariazko nahia betez. Ezpata honek balio eta garrantzi handia du, batetik, multzo osoa delako, hau da, zorroa eta zintzilikatzeko bi tahaliak edo ehunezko uhalak kontserbatzen dituelako oraindik, bestetik, oro har ondo kontserbatuta dagoelako, eta, azkenik, baita ere azpimarra daiteke haren fabrikazio-prozesuan erabili ziren teknikak eta materialak kalitate handikoak direla.  

Pieza San Telmon

Dokumentuen arabera, badakigu ezpata 1941eko uztailaren 2an iritsi zela San Telmora, eta artxiboan dagoen donazio-espedientean adierazita dagoenez, “Errege-Erregina Katolikoek Granada menderatu zutenean Boabdil Granadako azken errege mairuak haiei eman zien ezpata da”. Antza denez, San Millango markesak familiako herentzia gisa jaso zuen ezpata, Granada menderatu ostean bertako lehen alkate izan zen On Iñigo López de Mendoza Tendillako kondearengandik.

Egun, ezpata San Telmo Museoan dago, “Aztarnak oroimenean” atalean, eta 2019aren amaieratik 2020ko urrira bitarte aldi baterako Las artes del metal en al-Andalus (“Metalaren arteak al-Andalusen”) erakusketa handian egongo da ikusgai (Acción Cultural Españolak eta Arkeologia Museo Nazionalak antolatua, lehenbizi Madrilen, Arkeologia Museoan, eta, gero, Alacanten, MARQ Arkeologia Museoan). Ondoren, 2020ko urrian, ezpata San Telmo Museora bueltatuko da.

Zaharberritzea

Ezpataren jatorrizko itxura ezkutatzen zuten zikintasuna eta produktu degradatuak kendu, egitura aldetik ahulduta zeuden gune zehatzak sendotu (bereziki ehunak) eta, salbuespen gisa, zorroko kordobanean askatuta zeuden elementuak berriro itsatsi zaie. Amaitzeko, metalei babes-geruza bat eman zaie, herdoiltzea saihesteko.  

Miaka eta abian dagoen ikerketa

Ezpataren zaharberritzeak interes handia eragin du, eta, horregatik, San Telmo Museoko bildumen inguruko MIAKA ikerketa-koadernoetan sartu dugu, museoaren webgunean argitaratzen ditugun ikerketa koadernoak.

Aurreikuspenen arabera, pieza honen inguruko bigarren monografikoa datorren urtean aurkeztuko dugu, eta hor, martxan dauden ikerketa-lanaren emaitzak jasoko ditugu bertan.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu