Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Abian da DK irratia

DK Irratiaren aurkezpena

Astelehena, 2019(e)ko Urria(r)en 21-(e)an

1991 urtean jaiotako Altzako Casares Irratiaren urrats berria da Donostia Kultura Irratia. Lehengo izaerari eutsiz, jauzi bat eman du hiriko eta aldirietako kulturaren leiho bihurtzeko. Inguruko kultur ekosistema zabalari begira jarriko den leihoa izango da, beti ere, kultur zaletasunaren ikuspuntutik. FM 107.4 sintonian eta, irratia.donostiakultura.eus webgunean entzun daiteke.

Horretarako, irratiaren baliabideak hobetzeaz gain, programazioa indartuko du Ion Olano Carlos kazetari donostiarrak aurkeztuko duen BESTALDE eguneroko kultura-magazin berriarekin eta Donostia Kulturak antolatzen dituen hainbat hitzaldi, kontzertu eta abar ere jaso eta zabalduko ditu, podcast gisa.

Donostia Kultura Irratiaren webgune berriak, irratia.donostiakultura.eus, irratia munduko edozein txokotatik zuzenean entzuteko aukera emateaz gain, grabatutako programa guztiak eta Donostia Kulturaren hainbat podcast gordeko ditu, eta nahieran entzun ahal izango dira guztiak.

Kultura izango da irratiaren ardatza, eta herritarrak bihotza. Irrati-tailer gisa jaio zen duela ia 30 urte, eta izaera horri eusteko asmo irmoa du. Jarraituko du ahozko komunikazioaren eta soinuaren formazio-leku izaten ikastaro eskaintzaren-bitartez, eta, betiko moduan, estudioak herritarren zerbitzura jartzen.

Horietaz gain, ikastaro-eskaintza oparoa ere izaten jarraituko du, arloan esperientzia handia duten profesionalen gidaritzapean. Irratigintza ikastaroan, adibidez, ikasleek irratiaren arlo ezberdinak barrutik ikusi eta ikasteko aukera izango dute Jose Joaquin Forcada "Forki" eta Sergio Errasti Onda Vascako irratigileen eskutik: lokuzio-teknikak, gidoiak, alde teknikoa, eta abar. Baina ikastaro gehiago ere eskainiko dira. Hauek dira adibide batzuk: Ahotsarekin jolasean, Maider Gorostegirekin, eta Irrati-antzerkia, Inko Martinekin.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu