Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Ernest Lluch Kultur Etxeak urriaren 14an irekiko ditu berriro ateak

Ernest Lluch Kultur Etxea

Ostirala, 2019(e)ko Urria(r)en 11-(e)an

Ernest Lluch Kultur Etxeak berriro irekiko ditu ateak, datorren astelehenean, urriak 14, goizeko 10:00etan, urtebetez itxita egon ondoren Anoetako Estadioaren berritze-lanak zirela-eta. Egun horretatik aurrera, Kultur Etxeak Anoetako Estadioaren ekialdeko fatxadan duen egoitzan eskainiko ditu bere zerbitzuak eta programazioa, Haurtxokoa eta Gaztelekua izan ezik (liburutegiko programazioa azaroan zehar hasiko da). Bi zerbitzuok egun behin-behinekoz duten egoitzan (Olaeta jolas-parkean) jarraituko dute 2019-2020 ikasturtean, berriro ireki arte beste areto berri eta handiago batean, hura ere Anoetako estadioan, kultur etxearen ondoan.

Amarako kultur ekipamendu berrituak hobekuntza nabarmenak izango ditu. Berritasun nagusia da kultur etxea ez dela bi egoitzatan banatuta egongo, orain arte bezala. Kultur Etxeko sarrera eta harrera-gela etxabean egongo dira, orain arteko lehen solairuarekin lotuta, eta etxabean egongo dira, halaber, erakusketa-aretoa, ikastaroetarako eta lagapenetarako lantegia eta ekitaldi-aretoa. Goiko solairuan, berriz, liburutegia, KZgunea, Plus 55 zerbitzua, lau lantegi eta bulegoak egongo dira.

Erakusketa-areto berria eta ekitaldi-aretoa handiagoak eta egokiagoak dira orain, eta, horri esker, kultur etxearen programazio-ildoak sendotu egingo dira. Bestalde, lantegi bat gehiago izango da egoitza berrian, eta horrek badu bere garrantzia, kultur etxeak ikasle asko baititu eta areto-lagapen asko egiten baitzaizkie elkarteei.

Beste berritasuna da liburutegia goitik behera eraberritu dela, bai altzariak eta bai gelen antolamendua. Hobekuntza horiei esker, gure Udal sareko liburutegi handietako batek askoz modu eraginkorragoan eskainiko dizkie bere programa eta zerbitzuak erabiltzaileei.

Liburutegiak kokagune bera izango badu ere, eta azalera berdinarekin, hau da 938 m2, zerbitzuen eskaintza beste modu batera eskainiko da, gaur egun liburutegiek beste erronka batzuk dituztelako eta irakurketa modu berriak sortu direlako.

Azkenaldian liburutegiak topagunea bihurtzen ari dira eta Ernest Lluch Kultur Etxeko liburutegiak eredu hori jarraitzen du. Hemendik aurrera jarduerak liburutegian bertan egingo dira, besteak beste, irakurketa sozializatzeko tertuliak, ipuin kontaketak eta Liburu Baby Kluba saioak. Hori dela eta, ekintzak garatzeko aukera emango duen espazioa prestatu da, Topagunea, jarduerak beste zerbitzuetan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.

Era berean, Isiltasun gela berria ere aipatu behar da, ahalik eta isiltasun handiena bermatuko duen gunea ere beharrezkoa baita.

Liburutegiaren beste ezaugarri bat bilduma bereziak dira eta lehendik sortua zegoen Espai Catalunya bildumaren eredua jarraituz beste bilduma batzuk sortu dira: Corner-Kirolak bilduma kirolen ingurukoa, Mintzoan kux-kux, haurrentzako gomendioak eta Irakurketa erraza, irakurketarako zailtasunak dituen jendearentzako liburuak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen bi zerbitzu aipatu behar dira: eLiburutegia, Internet bidez liburu elektronikoak eta filmak eta ikus-entzunezkoak mailegatzeko zerbitzua eta Ernest Lluchen aurkitu ezin daitezkeen liburuak Liburutegien Arteko Mailegu (LAM) zerbitzuaren bidez eskuratu eta mailegatu ahal izatea. Azkenik, aipatu KZgunea zentroa, internet-formakuntza eta nabigazioa eskaintzen duena, liburutegian bertan egongo dela.

Urriko programazioa

Irekiera erakusketa batez egingo da: Markaz Tulkarem. Talde errefuxiatuaren itzulera. Joseba Zabalzaren 50 argazki dira, eta Markaz Tulkarem futbol-taldearen egunerokoa jasotzen dute, hau da, Palestinako ligan jokatzen duen errefuxiatu-eremu bateko futbol-talde batena. Joseba Zabalzak Iván Pastor eta Helena Bengoetxearekin batera egin du proiektua, eta irudiek Zisjordaniako eremu okupatuko bizitza hala moduzkoa jasotzen dute futbola aitzakiatzat hartuta. Erakusketa urriaren 14an inauguratuko da, astelehenarekin, 19:00etan, eta azaroaren 2ra arte egongo da ikusgai.

Urriko programazioan, nabarmentzekoa da literatura-jardueren programa sendoa. Urriaren 16an, Luisa Etxenikek bere azken eleberria aurkeztuko du, Aves del Paraíso. Egileak Pilar Rodríguez irakaslearekin eta Juan Manuel Uría editorearekin jardungo du solasean.

Biharamunean, urriak 17, Unai Elorriagak Iturria aurkeztuko du, bere azken lana. Eleberria eta ipuin-liburua da, biak batera. Elorriagak Leire Palacios kazetari eta idazlearekin jardungo du solasean.

Ostiralean, urriak 18, Hasier Larretxearen poesia- eta performance-proposamen berria izango dugu: Itzulerako bideak / Caminos de retorno. Aita –Patxi Larretxea–, ama –Rosario Gortari– eta senarra –Zuri Negrín musikari eta poeta– lagun dituela, Hasier Larretxeak emankizun sailkagaitza eta hunkigarria eskainiko du, beste poema-liburu baten bidez oraingoan: Quién diría que...

Poesia izango da berriz ere protagonista urriaren 24 eta 25ean. Ostegunean, hilak 24, Liburutegien Nazioarteko Eguna, liburutegiak jarduera-gune berria estreinatuko du, Eider Pérez eta Leire Etxezarretaren Andre eta jabe emankizunarekin: begirada bat euskal andreen ahots poetikoei, bertsolaritzaren lehen garaietatik gaur egun arte.

Ostiralean, hilak 25, Karmelo C. Iribarrenek, Poesía completa (1993-2018) liburua argitaratzen duela eta, bere ibilbideaz eta poesiaz jardungo du beste poeta handi batekin, Raquel Lanseros, zeinak Kritikaren saria jaso baitzuen 2018an Matria liburuagatik.

Eta asteartean, hilak 29, Ernest Lluch Kultur Etxeak Juan José Millás ekarrita itxiko du urriko literatur jardunaldien zikloa. Eleberrigileak azken eleberria –La vida a ratos– eta bere ipuinen bilduma –Una vocación imposible– aurkeztuko ditu. Idazlea, izen nagusietako bat gaur egungo espainiar literaturan, Eva Morente kazetariarekin solastatuko da.

Azkenik, nabarmentzekoa da ohiko programazioak ere jarriko direla martxan: haurrentzako antzerkia, astelehenetako zinekluba, Larunbatak dantzan, liburutegiko programak eta zerbitzuak, eta 2019-2020ko ikastaroak.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu