Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Erlea Maneros Zabalak hartuko du Ibon Aranberriren lekukoa Museo Bikoitza programan

Asteartea, 2019(e)ko Iraila(r)en 10-(e)an

San Telmo Museoak iragarri du Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua Erlea Maneros Zabala izango dela, Ibon Aranberrik hala hautatuta. Aranberri izan da programaren lehen edizioko artista gonbidatua eta ekainean aurkeztu zuen bere lanaren emaitza: Itzal-marra instalazio bikoitza.

Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziorakoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Aranberrik Maneros Zabala hautatu du, beste arrazoien artean, bere ibilbidean zehar egin dituen ikerketak eta erabilitako teknikak ongi egokitzen direlako museoaren konplexutasunera, artxibo eta hari ezberdinak harremanetan jarriz irudikari berriak sortzeko erakutsi duen gaitasunarengatik, eta museotik urrun bizitzeak emaitza aberastu dezakeelako.

Erlea Maneros Zabala (Bilbo, 1977)

Erlea Maneros Zabalaren lanak irudien sorkuntzaren baldintzak eta ondorioak aztertzen ditu, haiek sortutako testuinguruak eta zabaltzeko erak landuz. Bere lanak planteatzen dituen gaiak aurki daitezke, batetik, abstrakzio lengoaien akademizazioan; bestetik, autoretzaren nozioan, eta baita ere, artisautzaren eta masa produkzioaren (prozesuan baliabide mekanikoak erabiltzen dituena) arteko harremanean.

Erlea Maneros Zabalak Glasgow-eko Arte Eskolan eta Kaliforniako Arte Insitutuan ikasi zuen, eta Joshua Treen egiten du lan, Kalifornian. Bere lana erakunde ugaritan erakutsi du, besteak beste,  Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían (Madril), Museo Experimental El Eco-n (Mexiko hirian), REDCATen (Los Ángeles), Guggenheim-en (Bilbo), CAPC Musée d'Art Contemporain-en (Bordele) eta Bombas Gens Centre d'Art-en (Valentzia).

Horrez gain, San Telmo Museoarekin ere izan du lotura; izan ere, 2014an ikusgai egon zen Suturak Euskal Herriko artista garaikideen erakusketa kolektiboan parte hartu zuen eta bertan izan zen Gure Artea 2018 saria jasotzen.

Itzal-marra argitalpena

2019/2020 edizioko artista aurkeztearekin batera, Ibon Aranberrik Itzal-marra obrarekin lotutako argitalpenaren proiektua aurkeztu du, bere esku-hartzea borobiltzeko sortu nahi izan duena.

Argitalpena artista liburua izango da, formatu handikoa eta edizio mugatukoa. Abiapuntua Itzal-marrak duen izaera geometriko eta grafikoa izango da, haren jarraipen modura, eta proiektuaren prozesua islatuko du liburuaren formaren, argazkien, testuen eta diseinuaren bidez. Horretarako Aizpea Leizaolaren lankidetza izan du Ibonek testugintzan, Joaquín Gáñezena diseinuan eta José Luis López de Zubiriarena argazkietan.

Artista liburua sortze fasean dago eta urtea amaitu baino lehen amaituko du. Horietako ale batzuk museoko liburutegian kontsultatzeko aukera egongo da.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu